Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantzan Bilaka - 2016

BULKADA KOREOGRAFIKOA
Isabel de Naverán

Gertaera bitxia da, eta oraindik gutxi teorizatua, aurreko hamarkadan dantza ezinbesteko erreferentzia bilakatu dela, arte bisualak gogoan erabili, egin eta zuzentzerakoan.
André Lepecki, 2012

60ko hamarkadatik edo lehenagotik pentsamendu kritikoaren interesa piztu duten auzietako asko islatzen dituzte prozesu koreografikoek, batzuetan era metaforikoan eta beste batzuetan zehatz hezurmamituz.

Ez da halabeharrezkoa orain nolabaiteko loraldia izatea dantza arte bisualen eta humanitateen espazioetan txertatzeko. Egia esan, dantzak ezagutza zientifikoaren mugak jarri ditu agerian, bizi izandako esperientziari eta gorputz-transmisioari lehentasuna emanda.

André Lepeckiren Dantza garaikidetasunaren praktika gisa testuak (2012) hausnarketa egitera bultzatzen gaitu, Lepeckiren ustez dantzari datxezkion bost alderdi hartuta, “ezaugarri osatzaileak” deitutakoak: iragankortasuna, gorpuztasuna, ezegonkortasuna, koreografia eta performatibitatea.

Lepeckiren arabera, dantzak atzean arrastorik ez uzteak dakar iragankortasuna, egiten den bitartean hautematen baita, eta irauten duen bitartean eguneratzen baita etengabe. Horrek, oraindik ikertu gabe dauden “ekonomia alternatiboko formak” ekartzen dizkigu burura.

Dantzariaren zeregin nagusia da besteen gorputzak haragitzea, desaragitzea eta berraragitzea, eta, horretarako, teknikak ikastea eta kopia eta saiakeraren bidez transmititzea, norberaren gorpuztasuna berriz irudikatzeko -haren esanetan- eta, aldi berean, “subjektibotasun gertagaitzak” sortzeko.

Hirugarrenik, koreografoaren ezegonkortasuna dago, nolabait ere “menpeko langilearen” zeregina betetzen baitu oraindik “artearen sisteman”, eta ohartuki edo oharkabean, “egungo bizitzaren ezin saihestuzko prekarizazioa nabarmentzen baitu”. Dantzan aritzen denak ondo daki gorputza duela lan-indarra, eta, neurri batean, gorputza aktibo, harkor eta kontziente izatea dela lana, gorputza tresnarik onena izan dadin. Horrek eragina du bizitzaren beste arlo batzuetan.

Dantzaren eta partitura koreografikoaren arteko harremanak aipatzen duen diziplinan, gorputza mendean hartzen da. Hor, aldi berean uler daiteke adierazpena askatzen dela, edo espiritua goratu, edota doktrinatu egiten dela (adibidez, dantza propagandako tresna gisa darabilten jendarte totalitarioetan). Hortaz, partitura guztiek teknika batekin dute lotura, eta teknika hori ideologia bat da nola edo hala, munduaren aurrean hartutako jarrera bat. Azkenik, Lepeckik dantzaren performatibitatea aipatzen du, “kontratu edo promes bat egiten baitu beti plangintza koreografikoaren eta mugimenduan gaurkotzeko ekintzaren artean”, eta agerian jartzen baititu ideien, proposamenen, egintzen eta pertsonen artean izan diren akordioak. Nolabait esan daiteke dantzak harremanak sortzen dituela pertsonen taldeen artean; eta ez dira irudi metaforikoak, uki daitezkeen keinuak baizik, harreman sozialerako erabil litezkeen sistemak.

Dantzaren ezaugarri osatzailetzat -dantzaren muintzat- hartzen ditugun bost alderdi horiek azaldu ditut, Dantzan Bilaka eratzen duen prozesu koreografiko bakoitza alderdi horietako baten edo guztien ikuspegitik azter daitekeelako. Garatzen diren sorkuntza-lan guztietan agertzen dira ezaugarri horiek, edukian edo forman, jendaurreko aurkezpenetan edo sorkuntza-lanetako hilabeteetan.

Dantzan Bilaka programak laguntza ematen die prozesu horiei, hobeto gara daitezen lortzeko, parte-hartzen dutenekin etenik gabeko elkarrizketan arituz.

Prozesuak direnez, proposamen bakoitza konplexua eta desberdina da, hau da, esperimentazio bat, eta, beraz, denboran eta espazioan zabaldutako hausnarketa bat. Aipatu ditugun bost ezaugarriek gida-lana egin lezakete, esperimentazio horiek etengabe garatzen ari den mintzairari era kritikoan nola eragiten dioten ikusteko.

2016an programako koordinazio-taldea eratzen duten Blanca Arrieta eta Igor de Quadrarekin batera, hauxe lortu nahi dugu: hainbat hilabetez, toki desberdinetan eta intentsitate desberdinekin garatu den lana jendaurreko aurkezpenetan aintzat hartu ahal izatea.

Prozesu bakoitza koherentziaz garatu nahi dugu, dantza gauzatzeko ezinbestekoa den mintzairen eta formen dibertsitatea zainduz, dantza bulkada gisa ulertuta, artearekin, pentsamenduarekin, filosofiarekin, eta arlo publiko eta sozialarekin era hedatuan hizketan aritzen den oldar moduan hartuta.