Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantzan Bilaka - 2015

OINARRIZKO ZAZPI AHOLKU GERTATZEN ARI DENAZ GOZATZEKO
Jaime Conde-Salazar Pérez

Jaime Conde-Salazar Pérez Artearen Historian lizentziatua da (Madrilgo Unibertsitate Konplutentse) eta MA in Performance Studies (New York University). Dantza-kritikari gisa kolaboratu du hainbat argitalpenetan, eta orain bere kabuz idazten du www.continuumlivearts.com blogean. Sorkuntza-prozesuetan parte hartzen du dramaturgista lanak eginez, eta behar bezain lasai dagoen guztietan, haragizko esperientziaren bat eragiten duen edozein fenomenori buruz idazten du. Kitzikapena eta gogoberotasuna pizgarri bakar dituela, hainbat erakundetan jarduten du laguntzaile. Horien artean, aipatzekoak dira Arte Gela (Carlos III Unibertsitatea) eta Graner/Mercat de les Flors. Gainera, Pradillo Antzokiari lotutako artisten komunitateko kide harroa da.

Normalean, dantzaren inguruko testu orokorrek betetzen dute toki hau, eta Dantzan Bilakaren edizio bakoitzari buruzkoak izaten dira. Baina oraingoan testu hau zuretzat idatzita dago bereziki. Une honetantxe lerrook irakurtzen ari zara: horrek esan nahi du Dantzan Bilaka ekimenak zure interesa pizten duela, nolabait. Agian zure maitale maiteenak lan bat aurkeztuko du eta ez duzu hori galdu nahi; litekeena da zu administrazioren bateko kultura-teknikari izatea eta zure egitekoen barruan egotea; apika zure alabak dantza egingo du; beharbada dantza ez zaizu interesatzen… baina nola ez dakizula, orri hau zure eskuetara iritsi da eta irakurtzen ari zara; akaso gorabidean den arte-komisarioa zara, eta badakizu, gaur egun, arte bisualak dauden moduan egonik, dantzan gauza askoz interesgarriagoak aurki daitezkeela; onenean zaletu sutsu eta leiala zara eta ez duzu Dantzan Bilaka inolaz ere galdu nahi… Aukerak infinituak dira, gauza da orain hemen zaudela, testu hau irakurtzen, bitxia bada ere, zuretzat idatzita dagoena. Jakin badakigu une honetan zure begiak lerro hauek zeharkatzen ari direla, eta zure gorputzaren eta idatzitako testuaren artean sortutako harreman bitxi horri esker, informazio-jarioa ahalbideratuko duen egoera aproposean zaudela. Beraz, Dantzan Bilakaren inguruan duzun interesa aprobetxatuz eta nolabaiteko gozamena eskaini nahi dizugunez, zazpi aholku emango dizkizugu programan bildutakoaz goza dezazun. Inork eskatu gabe aholkuak ematea gauza zatarra da, ez baldin bada “lagunaren aholkua” esaten zaiona, agian unerik onenean iritsi ez arren beti egokia den horietako bat.

  1. Gero, zoaz landa-eremura. Dantza, gainontzeko arteak bezala, mundutarra da. Museoetan eta antzokietan isolatuta eta babestuta azaldu arren, kanpokoarekiko harremanak ematen dio zentzua. Horregatik, garrantzitsua da kanpokoarekiko arreta ez galtzea. Har itzazu kontuan Ernst Jünger jakitsuaren hitzak: dantza ikustera zoazen bakoitzean, joan zaitez beste ehun aldiz landa-eremura, kalera edo hondartzara. Horrela, jaso duzun esperientziaren zati bat munduari itzuli ahal izango diozu, modu errazean, eta bide batez, airea hartuta zure gorputza prestatuko duzu berriro ere antzoki batera sartzea erabakitzen duzunerako.
  2. Ez zaitez beldurtu dantza itxurarik ez badu. Dantzak aspaldi ekin zion itzulerarik gabeko bideari, diziplinaren mugetatik askatuta. Ondorioz, gaur egun dantzak askotariko formak ditu: bideoa izan daiteke, zuzeneko ikuskizuna, bazkari bat, liburu bat, hitzaldi bat, arratsalde bat hondartzan… Emaiozu baimena zeure buruari gauzak gertatzen diren moduan onartzeko, zure aurreikuspenetatik haratago, ezaguna zaizunetik haratago. Artistak etengabe ari dira errealitate-aukerak bilatzen eta lantzen, eta sarritan, aukera horiek ordura arte pentsatutakoaren mugak hausten dituzte. Aprobetxa itzazu lanok errealitatea ulertzeko eta horretan parte hartzeko beste modu batzuk probatzeko.
  3. Zu zara falta dena. Lan bat ez dago bukatuta zu hor egon arte. Modu askotan, lan egiteko orduan zu hartzen zaituzte kontuan artistek, zu bertan egotea. Zu iristean bakarrik egongo da lana burututa. Zure begirada, zure gorputza, zure hartzeko, ulertzeko eta irudikatzeko gaitasuna, proposamenaren osagai dira. Goza ezazu eskaintzen dizuten hortaz, baina kontura zaitez lan horretan duzun erantzukizunaz. Ez duzu dena eginda jasoko: ikuskizunak zentzua izan dezan, artistaren lanaz gain, ezinbestekoa da ikusle gisa egingo duzun lana.
  4. Zure gorputzak parte hartzen du. Badakizu ikustea erabaki duzun lanaren aurrean jarri eta parte hartzeko behar den guztia. Zure erreferentziak edo ezagutzak direnak direla, ez duzu ezer falta, ez duzu ezer gehiago jakin behar proposamen baten aurrean jartzeko. Burua eta begiak baino gehiago zara: azala, sudurra, organoak, oroimena, belarriak eta abar informazio baliotsu ugari jasotzeko kanalak dira. Erabili zure gorputz osoa aurrean gertatzen ari dena ulertzeko. Dantza-ikuskizun batean, kontzeptu filosofiko oso sofistikatu bat bezain adierazgarria izan daiteke usain bat edo tenperatura jakin bat.
  5. Ezagutza sortzen ari da. Ezezagun zaizuna izango duzu aurrean. Sorkuntza artistikoa orokorrean eta bereziki dantza, ulertzeko gai garena zalantzan jartzeko modua dira. Batzuetan, ikerketaz hitz egitean, zientzia-laborategi bateko lanari buruz ari garela ematen du. Ez da dantzaren helburua Zientziaren antzera gauzak frogatu eta ziurtasun-sistema sortzea. Dantza zalantzaren esparruan dago, gure ezagutzeko gaitasunetatik haratago dagoena antzemateko gonbita da, jakin badakiguna baieztatzeko modua baino gehiago. Aprobetxa ezazu egoera eta egizu solas askatasunez aurkezpenetan azaleratuko diren ideiekin, irudiekin edo sentsazioekin, nahiz eta ezezagunak izan. Modu horretan, ezagutza sortuko duzu eta, batez ere, etorkizunera begiratuko duzu.
  6. Erabili zure erreferentziak eta izan zaitez literala beldurrik gabe. Eguneroko bizitzan erreferentzia ugari erabiltzen ditugu, kulturalak, sozialak eta baita artistikoak ere. Ezinbestean, gure kontzientzia etengabe ari da loturak, desplazamenduak, superposizioak eta bestelakoak egiten, eta are gehiago egitate artistiko baten partaide garela kontzentratuta gaudenean. Batzuetan, antzokian gaudela, baratxuria erosi behar dugula gogoratzen dugu, esaterako. Horrelako pentsamenduek esperientzia artistikoa hausten dutela uste dugu eta horregatik saihesten saiatzen gara. Baina gauzek ez dute horrela funtzionatzen: zure sukaldean falta diren baratxuriak, zerikusirik ez dutela ematen badu ere, bizitzen ari zaren horren erantzun gisa bururatu zaizkizu. Utzi libre zure erreferentzien eta pentsamenduen jarioa eta onar itzazu epaitu gabe, gertatzen ari den horren aurreko adierazpen literal gisa.
  7. Hondartza. Hondartzara joango zaren hurrengoan, hartu tartea paisaia begiratzeko. Begiratu argiaren portaera, airearen dentsitateak ikusten duzun horri eta usaintzen duzunari eransten dizkion ńabardurak, espazioa nola zabaltzen den, zure azalari itsatsitako dimentsio ukigarria izango balitz bezala; sentitu bertara eraman zaituen lagunaren gorputz hurbilak entzuten duzuna bitxiki nola modelatzen duen, etab. Dantzak, gainontzeko arteek antzera, munduan bizirik egotearen sentsazioak islatzen ditu, eta horregatik, ipurdia hondar gainean jarrita duzun denbora-tartetxo horrek, itsaso- eta eguzki-bainuek, dantzari buruzko informazio gehiago emango dizute hari buruz esan edo idatz dezakegun guztiak baino, seguruenik. Horregatik, aprobetxa ezazu beti hondartzara joateko gonbita egiten dizun lagunaren eskuzabaltasuna: tarte oso atsegina igarotzeaz gain, dantza esaten diogun horren mugak zabalduko dituzu.