Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantzan Bilaka - 2015

DANTZAN BILAKA 2015
Koreografiak sortzeko prozesuak

Dantzan Bilaka '15 - Kartela

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bederatzi urte daramatza koreografia-sorkuntzari zuzendutako laguntzaren barruan dantza sustatzeko programa bat bideratzen. Datzan Bilaka du izena, koreografo hasiberriei zuzenduta dago eta koreografia-sorkuntzarako diru-laguntzak ematea du xede.

Diru-laguntzak emateaz gain, sorkuntza-prozesuei jarraipen artistikoa eta teknikoa ere egiten die programak. Aurten, Igor de Quadra eta Javier Andraka izango dira, hurrenez hurren, koordinatzaile artistikoa eta teknikoa.

Dantzan Bilaka programak elkarrizketarako eta gogoetarako topaleku txiki bat eskaintzen die sortzaileei, koreografia-proposamenen prozesu artistikoen inguruan taldean jarduteko.

Zortzi hilabetean zehar, koreografo partaideek bi lan-topaketa egiten dituzte. Talde-gogoetarako espazio bat sortu nahi izaten da horrela, sormen-prozesuetako tresnez eztabaidatzeko, partaide bakoitzaren proiektua garatzen laguntzeko eta partaideak egile eta sortzaile burujabe bihurtzeko.

Hala, partaide guztiak aurkezteko topaketa bat egiten da aurrena, eta lanak mahai-gaineratzeko eta haien inguruan hitz egiteko beste bat, gero. Nork bere proiektua azaltzen du: zer fasetan dagoen, ideia nondik datorren, nola landu nahi duen, lanak zer fase dituen, zer tresna erabiliko dituen, zer metodologia darabilen eta nola landu nahi dituen.

Irailean zehar, egoitza tekniko bat eskaintzen zaie sortzaileei, proiektuaren beharrizan teknikoak azter ditzaten. Koreografoek teknikoki hornitutako areto bat izaten dute, beren proiekturako argiztapena, soinua eta eszenaratzea lantzeko.

Hirugarren topaketan, gonbidatutako ikusle talde baten aurrean lanaren zati bat erakusteko aukera izaten da, sortzailea prozesuaren edozein fasetan dagoela ere. Une publiko hori heltzeko irrikatan egoten dira beti artistak, baina kritikoa ere izaten da, lan ugari zalantzaz beteta egoten direlako oraindik eta proba-errakuntza esperimental bat izaten delako. Gehienak bilaketa-prozesu baten zatiak izan ohi dira.

Hori dela eta, Dantzan Bilakaren erakustaldi publikoa aukera paregabea da, bertaratzen den ikuslearentzat batez ere, prozesu bereziak aurkitzeko eta Euskadin gaur egun koreografia-sorkuntza ulertzeko eta lantzeko dauden modu ugariei buruz hausnartzeko.

Erakustaldi publikoaren ostean, Hausnarketa Jardunaldia egin ohi da programan; bertan, beren proposamenen eta jarduera artistikoaren agertokien inguruan hitz egiteko aukera ematen zaie Dantzan Bilakako partaideei. Aurtengoan, Peio Aguirre arte-kritikari eta -teorikoa gonbidatu dugu.

Dantzan Bilakako bederatzigarren emanaldi honetan parte hartuko duten koreografoen lanak EAEko hiru hiriburuetan ikusi ahal izango dira, formatu ezberdineko hiru gunetan: Azkuna Zentroa, AlhóndigaBilbaon (Bilbon), Baratza Aretoan (Gasteizen) eta Gazteszenan (Donostian).

Gonbidatuta zaudete Dantzan Bilaka programaren bederatzigarren emanaldira. Ongi etorri!

Dantzan Bilaka 2015en talde koordinatzailea