Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantzan Bilaka '07

Dantzan Bilaka: Aurkezpena | Lanak | Egutegia

Marta Navaridas - Dani Brown
THE INVITATION

The Invitation

Ideia Zuzendaria eta Koreografia: Marta Navaridas eta Dani Brown
Interpreteak: Monica Coronado, Alexander Deutinger, Alessio Castellaci
Iraupena: 15
Kontaktua: Marta Navaridas 0034 630245758

Marta Navaridas, Donostian 1979an jaioa. Ume-umetatik, Bartzelonan alemanaren itzulpengintza ikastea erabaki zuen arte, asteko karate- eta balet-eskolak izan zituen entrenamendutzat. Austrian izan zen karrerako azken urtean, eta alemana ikasteaz gain, dantzako eta inprobisazioko ikastaroetan parte hartu zuen, eta horren ondorioz, dantza ikuspuntu profesionaletik hartu zuen. 2005ean koreografian lizentziatu zen Arnhem-go (Holanda) Unibertsitatean, eta orduz geroztik Amsterdamen bizi da eta bertan lan egiten du. www.fingersix.com kolektiboren sortzaileetako bat dugu Marta, eta gaur egun lanen ekoizpenean ere aritzen da Alexander Deutinger-ekin, Unicorn izenpean.

Danielle Erin Storm Brown, Rochester (AEB). Batxilergoa amaitu ondoren, Alburquerque-ko basamortura lekualdatu zen, eta performance talde bati eman zion hasiera, Shhhhh! taldeari, hain zuzen ere.

Virginiako Unibertsitatean lizentziatu zen dantza eta koreografian. Bush presidente aukeratua izan ondoren, Europara emigratu zuen, eta bertan egin zuen koreografiako bere bigarren lizentziatura, Arnhemgo Unibertsitatean (Holanda). Fingersix kolektiboaren sortzaileetako bat dugu Danielle, eta Hanburgon bizi da eta bertan lan egiten du.

THE INVITATION 2007an sortu zen obra baten izenburua da, eta Danielle Brown-ek eta Marta Navaridas-ek asmatu zuten (www.fingersix.com). THE INVITATION oraindik egiten ari den lana da; izan ere, obra osorik 2008ko urtarrilean estreinatuko da Hanburgon (Alemania). Gure lanaren prozesua Artiumen jarriko dugu jendaurrean, eta eszena nahiz koreografia-esperimentu batzuk erakutsiko ditugu, geroago obraren zati izango direnak.

Inspirazio-iturria suspensea da. Sentsazio edo giro horren interpretazio fisiko bat proposatzen dugu; erraz ezagutzen dugu sentsazio edo giro hori, baina nekez adieraz daiteke hitzekin, ordea. Suspensearen jatorria ulertzeko eta hori lantzeko, honako baliabide anitz hauetan oinarritzen gara: zinema-mekanismo klasikoen azterketan, beldurrarazi nahi duen sentsazionalismo mediatikoan, beldurra sentitzen duela dion jendearen testigantza errealetan, musikaren eta argiaren ondorio iradokitzaileetan, etab. Dena den, lan horren erreferentzia handia David Lynch suspensearen maisu garaikidea da, bere obrek koreografiak egiteko gure gogoa eragin baitzuen suspensearen iragazkia pasatu ondoren. Guretik begiratuta, bere istorioak gutxi konbentzionalak eta liluragarriak izatean datza bere filmen erakargarritasuna, pertsonaien gogo-aldartea eta erabakiak jarraitzeko aukera emanez, baita pertsonaien arteko harremanek eta espazio-denborarekikoek inolako koherentziari jarraitzen ez badiote ere.

Gure dantzak ez du suspensezko istorio konkretu bat kontatu nahi, ezta mamu-etsaiekin batera bizi den gizarte bat parodiatu nahi ere. THE INVITATION obraren asmo artistikoa suspense-giro bat sortzea da. Klixe edo kode ezagun batzuen gainean eraikitako egoerak aurkezten ditugu, eta egoera horiek ezarrita daudenean, gure interpretaziotik ihes egiten duen zerbaitetan eraldatzen da, baina gugan halako ezinegon bat sortzen da zer gertatuko den ez dakigulako. Ametsek oroitarazitako esperientzia bat, dantzaren, errealitatearen, dantzariaren eta haren rolaren artekoa; bertan, istorioek gure irudimena pizten dute, baina logika edo arrazoi orotatik aldentzen dira.


Sorkuntza prozesuak

Materiala sortzearen inguruko galderak:

Nola landu daiteke suspensearen fenomenoa gorputzarekin?

Nola osatzen da arima-egoeren eraldaketako lerro etengabe bat (adibidez: etsipena, kezka, bakardadea, eta abar)?

Nola erakuts daiteke esperientzia bat, hura eragin duen kausa erakutsi gabe?

Lan-metodoak:

Gure helburua ez da dramaturgia narratibo bat sortzea, baizik eta gure publikoarekin komunikatzea, dantzarien espresio fisiko ugariak baliatuta publikoak berak egin ditzakeen elkartzeen bidez. Arima- eta ekintza-egoeren gainezarpen bat osatu nahi dugu, suspense-maila jakin bat lortzeko, hori beharrezkoa baita publikoarengan ikerketa-egoera etengabea atxikitzeko.

Pertsonaia klixeei buruzko antzezpenen eta proposamen oso abstraktuen artean ibiliko dira gure eszenak, betiere publikoaren irudimena pizteko helburuarekin. Gure lan koreografikoaren bidez lortzen dugu eszena batzuk besteekin lotzea, David Lynch-en obra abiapuntutzat hartuta.