Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantzan Bilaka '09

Dantzan Bilaka: Aurkezpena | Lanak | Egutegia

Koreografia sormenerako prozesuak

Dantzan Bilaka - Portada

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak hainbat urtez bultzatu ditu Dantza laguntzeko programak, eta zehazki, Dantzan Bilaka programa, koreografia-sormena landu eta ikus-entzuleei beren lanak erakutsi nahi dizkieten koreografo hasiberrientzat prestatutakoa.

Dantzan Bilaka programan parte hartzen duten sortzaileak aukeratzeko, koreografia-ikerketarako dirulaguntza-deialdia egiten da urtero. Dirulaguntza horrez gainera, jarraipen artistiko eta teknikoa ere egiten zaie hautagaiei, beren sormen-prozesuetan.

DANTZAN BILAKA programak euskal sortzaileen elkarrizketarako eta gogoetarako topaleku izan nahi du, koreografia-lanak sortzerakoan sortu zaizkien kezkak eta zalantzak aztertzeko.

Sei hilabetean, koreografoek eta partaideek hainbat lan-topaketa egiten dituzte, sortzaileak eta sormen-prozesuko faseak aurrez aurre jartzeko. Talde gogoetarako espazio bat sortu nahi da, sormen-prozesuetan funtsezkoak diren erremintez eztabaidatzeko; ikerketa-metodologia, erreferentziak erabiltzea, parte hartzeko moduak, lanak erakusteko modua, ikusleen lekua prozesuan zehar, etab. Horien bitartez, partaide bakoitzaren proiektua nola garatzen den ere erakutsi nahi da, erabakiak beren kabuz hartzen dituzten egile eta sortzaile bihur daitezen.

Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, joan den ekainean Bilbon eginiko Arte- eta Kultura-topaketetan, hainbat dantza-ikastaro eta mintegitan dohainik parte hartzeko aukera eman zitzaien BILAKAko koreografoei. Koreografia sormenean lan-prozesuek eta -bideek jasotzen dituzten hainbat ikuspegi landu ziren ikastaro eta mintegi horietan.

Jardunaldiotan, koreografoek aukera izan zuten, halaber, banakako lan-saioetan beren sormen prozesuak ikastaro eta mintegiak eman zituzten gonbidatuekin partekatzeko.

Aurtengo ekitaldian, Inma Rubio (Valentzia) koreografoak eta Janez Jansa (Lujbiana) artistak hainbat koreografori lagundu diete, lan-saio eta topaketetan.

Irailean, proiektu bakoitzak dituen behar teknikoak aztertzeko lan astea egingo da. Koreografoek aukera izaten dute teknikoki prestatutako aretoren batean argiztapen, soinu-diseinu eta eszenaratzeaz dituzten ideiak praktikatzeko.

Azkenik, prozesu honen emaitza erakusketa batean erakutsiko zaie ikus-entzuleei, Dantzan Bilakaren hirugarren ekitaldi honetan parte hartuko duten hamar koreografoen lanak Euskal Herriko hiru hiriburuetan, hainbat formatutako aretoetan, erakutsiz.

Koreografo bakoitzak ezberdin ulertzen du bere lana "erakusteko", prozesua ikusarazteko eta inguruko aretoan kokatzeko modua.

Horrenbestez, Dantzan Bilaka programaren hirugarren ekitaldian aurkeztutako koreografia-proposamen askotarikoak jarrera irekiarekin jasotzeko gonbita egin nahi diegu ikusle guztiei.

Dantzan Bilaka 09ren koordinazio-taldea