Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantzan Bilaka '11

Dantzan Bilaka: Aurkezpena | Lanak | Egutegia

Koreografia sormenerako prozesuak

Dantzan Bilaka - Kartela

Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailak urteak daramatza Dantza laguntzeko programak sustatzen. DANTZAN BILAKA programa hau, zehazki, ikus-entzuleei beren lanak erakutsi nahi dizkieten koreografo hasiberriei zuzenduta dago.

DANTZAN BILAKA programan parte hartzen duten sortzaileak aukeratzeko, koreografia-ikerketarako dirulaguntza deialdia egiten da urtero. Dirulaguntza emateaz gainera, sorkuntza-prozesuaren jarraipen artistikoa eta teknikoa ere egiten zaie hautagaiei, beren sormen-prozesuetan.

DANTZAN BILAKA programak euskal sortzaileen elkarrizketarako eta gogoetarako topaleku izan nahi du, koreografia-lanak sortzerakoan izaten dituzten kezkak eta zalantzak aztertzeko.

Zortzi hilabetean, koreografoek eta partaideek hainbat lan-topaketa egiten dituzte, sortzaileak eta sorkuntza-prozesuaren aldi desberdinak aurrez aurre jartzeko. Talde-gogoetarako espazio bat sortu nahi da horrela, sormen-prozesuetan funtsezkoak diren tresnez eztabaidatzeko, partaide bakoitzaren proiektua garatzen laguntzeko, eta partaideak egile eta sortzaile burujabe bihurtzeko. Hala, proiektuak aurkezteko topaketa bat egingo da aurrena, eta lanak mahai-gaineratzeko eta haien inguruan hitz egiteko beste bat, gero. Nork bere proiektua, bere ideiak, proiektua zer fasetan dagoen, nondik eta nola lan egin nahi duen eta abar azalduko du. Gero, hirugarren topaketa bat egingo da, lanak eszenaratzeko, prozesuaren edozein fasetan egonda ere. Garrantzi handiko unea da hori, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, hasierako ideiak gauzatzen hasten direlako; bestetik, ideia horiek talde osoarekin (koreografo, dantzari, teknikari, musikari eta bestelako laguntzaileekin) partekatzeko aukera eskaintzen zaielako.

Euskal Herriko Unibertsitateak uztaileak Bilbon antolatutako Arte eta Kultura topaketetan, dantza garaikideko ikastarora gonbidatutako koreografoarekin elkartzeko aukera eskaini zaie DANTZAN BILAKA programako koreografoei. María Muñoz koreografoak (Mal Pelo konpainiakoak) eman zuen ikastaroa bigarren urtez jarraian. DANTZAN BILAKA programan parte hartu zuten koreografoek sorkuntza-prozesuari buruzko beren kezkak azaltzeko aukera izan zuten bertan.

Irailean, proiektu bakoitzak dituen behar teknikoak aztertuko dira lan-aste batean. Egun horietan, koreografoei aukera emango zaie nork bere lanerako diseinatutako argiztapena eta soinua saiatzeko eta lana bera eszenaratzeko, teknikoki behar bezala hornitutako areto batean.

Azkenik, prozesu honi amaiera emateko, DANTZAN BILAKA programaren laugarren ekitaldi honetan parte hartu duten bederatzi koreografoen lanak Euskadiko hiru hiriburuetako formatu desberdineko espazioetan jarriko dira ikusgai.

Aurten, bederatzi lan horiek lau gunetan egongo dira ikusgai: horietako hiru italiar erako antzoki batean (Gazteszena, Donostia); beste bi areto zuri batean (Artium Museoa, Gasteiz); beste hiru areto alternatibo batean (La Merced aretoa, Bilbo); eta bederatzigarrena Guggenheim Museoaren zero aretoan. Gune bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu, oso desberdinak, eta horien araberakoak izango dira lan mota, ikusleekiko harremana, argiztapena, soinu kalitatea...

Koreografo bakoitzak bere modura ulertzen du, noski, lana “erakusteko”, bere sorkuntza-prozesua ikusarazteko eta ingurunean kokatzeko modua.

Horrenbestez, DANTZAN BILAKA programaren laugarren ekitaldi honetan aurkeztutako koreografia-proposamen askotarikoak jarrera irekiarekin jasotzeko gonbita egin nahi diegu ikusle guztiei.

DANTZAN BILAKA 11.aren koordinazio-taldea.