Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantzan Bilaka '11

Dantzan Bilaka: Aurkezpena | Lanak | Egutegia

“P L A Y S T A N D S S T I L L” Estibaliz Olabarri

P L A Y   S T A N D S   S T I L L

Ideia eta zuzendaritza: Esti Olabarri
Sorkuntza eta interpretazioa: Maia Villot, Maite Castro, Esti Olabarri
Eszenografia: Elisabeth Lebailly
Ikus-entzunezko: Inés Bermejo
Diseinua eta argiztapena: Gabo Punzo
Koreografia: Idoia Zabaleta
Eskerrak: Dani, Itzi, el otro Dani, Isaac, Idoia, Isabel, Ixi y a todos mis amigos por acompañar
Kontaktua: murkullu@yahoo.es

Koreografoaren ibilbidea

Musika eta biola ikasi zuen, eta Giza Elikadurako diplomatura atera. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Dantza Mugimendua Terapia Masterra egin zuen. Idoia Zabaletarekin, gorputza eta mugimendua ulertzeko beste modu batzuetara hurbildu zen, EHUn. Koreografiako inprobisazioaren, sorkuntzaren eta konposizioaren alorretako prestakuntza jaso zuen. 2006an, “Gorputz eremuak” laborategiaren sorkuntzan hartu zuen parte, Artium Museoan (Gasteizen); gorputzarekin esperimentatzea eta ikertzea da laborategi horren xedea, beraren errealitate artistikoa sortzeko gauza baita. 2005az geroztik, bere sorkuntzetan eta taldeko beste batzuetan ikertzen dihardu, eta hainbat artistarekin eta proiekturekin kolaboratzen du.

Sorkuntzaren prozesuaren planteamenduak

Denbora ulertu, harrapatu eta beste zerbait bihurtzeko nahi eta ezinetik sortu da Play Stands Still. Ikus-entzunezko bitartekoen teknologia mugimenduan dagoen gorputzean aplikatzean datza, eta alderantziz.

Gorputza hartuko dugu ardatz, unea zabaltzeko ariketa batetik abiatuta. Une horretan beti dago zerbait gertatu eta aldatzeko aukera. Itxuraz ezer askorik gertatzen ez den loop bat da. Ez dago ez abiapuntuko koordenaturik ez helmugarik, ikuslea parte hartzen hasi arte.

Egin, berregin eta berriz egiten duen sistema bat.

Sinopsia

“Iragarri ahal izatea” gertakariak denboran proiektatzea baldin bada, eta ziurgabetasuna amildegirako azken aurreko urratsa, non geratzen da oraina? Bere joko-arauak ezartzen dituen ziurtasunik gabeko mundu batean, zer gertatuko da iragartzeko eta esanahiak sortzeko obsesioa alde batera utzi, eta gertakarien esku geratzen bagara? Oraindik prozesuan dagoen produktu amaigabe baten iragarpena ote da sinopsi hau? Une honetan, galderak besterik ez ditut...