Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantzan Bilaka '11

Dantzan Bilaka: Aurkezpena | Lanak | Egutegia

“Sasi eta odeien artean / Entre bardisses i núvols” Nagore Somoza

Sasi eta odeien artean / Entre bardisses i núvols

Ideia, zuzendaritza: Nagore Somoza, Isaac Lucas, Lu Arroyo, David Sarsanedas
Koreografia: Nagore Somoza, Lu Arroyo
Interpreteak: Nagore Somoza, Lu Arroyo
Jatorrizko musika: Lu Arroyo, David Sarsanedas
Argiztapena: Isaac Lucas
Eszenografia: Isaac Lucas
Argazkia: Isaac Lucas
Jantziak: Nagore Somoza, Lu Arroyo
Beste laguntzaile batzuk: Luthiers Drapaires
Eskerrak: Can Cartró, CCP La Cellera de Ter
Iraupena: 20’
Kontaktua: nagoresomoza@yahoo.es (+34)616496100

Koreografoaren ibilbidea

Nagore Somoza Chamizo (Orereta, 1978). Dantza garaikideko eta aireko dantzako dantzari profesionala da. Psikologian lizentziatuta dago (EHUn). Dantzaterapia Graduondokoa (UABn) egin du eta dantzari profesionala da (Cobosmikan). Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka jaso zuen (Dantzarientzako Lanbide Heziketa egiteko Ana Sanchezekin). Hona hemen bere ibilbide profesionala: Las Lo Laseko kidea: Doll, Blanc en blanc, Como anillo al dedo; Deambulantseko kidea (2007/10): Del cel, Inn, Taraxacum eta Gaz; Història d’un soldat ikuskizuneko dantzari nagusia (Bartzelonako Grec Jaialdia, 2006); Gironako dantza garaikideko hainbat eskolatan irakasle.

Sorkuntzaren prozesuaren planteamenduak

Zergatik igotzen da airean gora kometa? Igoarazten duen haizearengatik. Hala ere, lurrera itsatsirik duen hariak ematen dio hegan egin ahal izateko behar duen tentsioa. Haria hausten bada, kometa aldaroka hasi eta handik gutxira lurrera eroriko da.

“Sasi eta odeien artean / Entre bardisses i núvols” lanak, euskal mitologiari lotutako ideia eta indarrek gaur egun dituzten iraunkortasuna eta balioa aztertu nahi ditu, bai gizarte mailan, bai pertsonen barruan; horretarako arreta berezia ipintzen du Mari jainkosarengan eta jainkosa horrekin euskal tradizioak hartzen duen emetasun- eta matriarkatu-kutsuan.

Sormen-prozesuan hizkera formalak hainbat aldaketa izan baditu ere, azken helburua berbera da: euskal mitologia tradizionalean azaltzen diren bizi- eta suntsipen-irrikak (emankortasuna eta heriotza, emakumea, hezi gabeko izadiaren indarra, etab.) eszenatokian aurkeztea, ikusleari itxuraz ahazturik dagoen, baina, senari dagokionez, oraindik hurbila eta ezaguna den oroitzapena piztu eta gogorarazteko.

Sinopsia

Ez da sinetsi behar existitzen direnik, ez da esan behar existitzen ez direnik.

Mari, Lamiak, Basajaun, Herensuge...; edozein mitologia, mitologia hori sortu den gizarteko beldur, irrika eta ahalmenen hezurmamitze hutsa da.

“Sasi eta odeien artean / Entre bardisses i núvols” lanean, beste izaki batzuk bizi dira dantzariaren gorputzean, izaki horiek dituzten indarrak eta proposatu eta konpontzen ahalegintzen diren gatazkak adierazteko bitarteko bilakatuz.