Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2004ko Gure Artea Sariak

Aurkezpena
Artistak
Erakusketak

Euskal Teknika
Peio Agirre


 Aurrekoa - Orrialde  2 . Guztira 7 - Hurrengoa
Testu osoa (pdf, 181,28 kB)







Orain zera gehituko nuke, Eurohiri berri hori Bilbo, Gasteiz eta Donostia sinbolikoki batzearen ondorioz sortuko litzateke, bakoitza Y formaren erpin bihurtuta.

Zientzia-fikzioko gidoi futurista bat bailitzan, iragana iragazi eta birkonbinatu egiten da denbora-geruzen, berrikuntza teknologikoen eta ekonomiaren etengabeko eraldaketen azpian, eta aurrerapenaren idealek [aldi berean beharrezko eta saihestezin] trauma edo gatazka sublimatu egin nahi dutela dirudi.

Teknika eta telekomunikazioak azpimarratze hori [Euskaltel telefono konpainia estandarte dela] iragan industrialeko hondakinak ordezkatzera letorke; duela gutxiko antzinaro bihurtu baita jada iragan hori, ez-moderno edo pre-modernoak hondeatuko lituzkeelarik ongizate-estatuko ezinbesteko kuotak.

Testu hark, hobe txosten deitzea, honela jarraitzen zuen: "Euskopolis hiriburu guztietara zabaldu da, kontrol sozialaren eta botere ekonomikoaren oinarria deszentralizatu egin du, erdigunearen eta aldirien arteko muga kendu, hiriaren eta landaren artekoa, etab. Efektu horrek kontrastez eta anekdota dibertigarriz betetako mapa uzten du, tradizionaltzat jotakoa modernotzat jotakoarekin batera bizi den mapa".

Tesi horrekin jarraituz, Partha Chatterjee jatorri indiarreko kolonialismo osteko teorikoak dio "proiektu nazionalista eta modernizazio politika ezin dira banandu, eta azken horren inkoherentzia programatiko guztiak ditu sortzetik. Bultzada nazionalistak nazionalismoaren gaindik dagoen politika handiago baten zati izan beharra dauka beti; horrela ez bada, bere aurreko helburua lortzean, independentzia nazionalak alegia, edukirik gabe gelditzen da".

Gehitu beharko litzateke horren guztiaren ondorioa etorkizunarekiko obsesioa dela. Etorkizuna azpimarratze horren ezaugarrietako batzuk dira arriskuak aurreikustea, kontrola, negoziazioa eta eszenategiak sortzea.

Juanjo Gabiñak, ia oroitzapenean dagoen pertsonai bat, baina oraina eraikitzerakoan funtsezko eragina izan duenak, euskal identitateak unibertsalizatzeko zuen beharraren lerro nagusiak trazatu zituen Euskadi y su futuro izeneko txostenean.

Prospektiker erakundearen beste txosten batean [horko zuzendari eta sortzaile izan zen Gabiña] etorkizun hori, jada orain bihurtua, utopistek berezkoa duten baikortasun eta ezkortasun nahasketa horrekin marraztu zen. Eszenategi horien helburuak ziren programazio sozio-ekonomiko egokiari ekitea eta baliabide eta zerbitzu publikoak egoki planifikatzea [garraio publikoa, esaterako] arriskuak aurreikusita [populazioa zahartzea, esaterako].

Modernitatearen inguruko eztabaidaren ondorio gisa, tokian tokikoarekin kontrastean zegoen unibertsalaren gaiak euskal kasuan [eta nazionalismoa eguneroko kontua den beste guztietan] hartzen zuen garrantzia ez dira klabe nazionalistetan bakarrik irakurri behar, baizik eta hobe klabe erabat progresistetan irakurtzea.

Azpimarratze horren adibideetako bat da Eusko Jaurlaritzak urtero ematen dituen "Euskaldun Unibertsal" sariak. Kultura, ekonomia edo kirol munduko pertsonei ematen zaie sari hori "unibertsalak" izateagatik, hau da, euren lanari edo talentuari esker nazioartean nabarmendu eta ezagutu direlako. Artean nola Eduardo Chillida hala Jorge Oteiza eskultoreek lortu zuten, biak antzinako modernotasunaren forma baten bihurtuak.

Jada egindako esaldia hau erabiltzen da aurkezpen orokorretan, batez ere bietan lehenbizikoari buruz, "euskaldun unibertsala" zela, edo, ñabardura oso desberdina da, "euskalduna" eta "unibertsala" zela.
Hemen deskribatzen saiatzen ari garen egoera horietan guztietan dago partikularraren eta unibertsalaren arteko gatazka diskurtsiboa, horrek baieztatu egiten du kokapen nazionalistaren kontraesanari buruz Chatterjee-k egindako funtsezko identifikazioa: partikulartasun bar unibertsal bihurtzeko saioa.

Kritika horrek unibertsalismoa ez duela onartzen ulertu beharko litzateke, Ameriketako Estatu Batuak ikusi baititugu, esaterako, euren interesak defendatzen kanpo politikan hartu dituzten ekintza aldebakarretan. Unibertsalaren eta partikularraren arteko oposizio kontraesan bat bezala dago sartuta.

Antzeko zerbait gertatuko litzateke egindako arteaz hitz egitean. Hemengo gai klabea [agian kulturaniztasunak babestuta, eta aipatu beharra dago Jorge Oteizaren legatua Guggenheim museoen sarean aurkeztu izana orain arte konpondu gabe zegoen "benetazko" unibertsaltasunaren bermatzaile esklusibo bezala] bere berariazkotasun mailan legoke, diskurtsoa eta erreferentzien konplexutasuna zenbateraino beheratu beharra dagoen horiek ulerterrazak eta ulergarriak izan daitezen, esaterako, artista horien eta lanetan aipatzen den historiaren edo testuinguruaren ezagutzarik ez duen atzerritar batentzat. Edo beste modu batera esanda, zenbateraino da funtsezkoa kriptizismoa obrak mantentzeko edo sustraitzeko orduan edo, aitzitik, kultur berariazkotasun singularraren baldintzekin egindako lan oro [munduko beste edozein tokitan, gehitu dezakegu orain] adostasun interpretatibo beraren pean interpretatzeko, ulertzeko, aztertzeko, paketatzeko eta, nola ez, komertzializatzeko gai izan behar al da?

Txosten hartan, Basque Report, lekuko praktika batzuk aipatzen ziren eta honela amaitzen zen: "euskal estereotipoen [bestea, etsaia, arerioa edo adiskidea sortzeko beharraren ondorioz eraikiak guztiak ere] gero eta estandarizazio handiagoak eta euskal egoeraren pixkanakako mediatizazioak iradokitzen dute gero eta artista gehiagok egingo dutela lan tokiko testuinguru sozial eta politikotik abiatuta. Interesatutako berreskuratzean egongo da beti arriskua. Arterik onena politikoki mugatua gabekoa dela jakitun izanda".

Hitz horiek argitu beharra daukadala uste dut orain, lau urte baino igaro ez diren arren, "politikoki mugatua" horren zentzua askotan gaizki ulertu baita. Hemen garrantzia duena eta behin baino gehiagotan egiaztatu dena da "arte politiko" terminoa ez dela egokia arte mota bat deskribatzeko kategoria artistikoa dela ulertuz gero. Gaizkiulertu honen jatorrian honakoa legoke: une honetako euskal artearen zati handi bat [eta hala izan da historian ere, gogoan izan laurogeiko hamarkadan eskultura formalisten inguruan izandako eztabaidak] hain berariazkoa eta partikularra denez, batzuetan zaila dela kanpotik gerturatzea.