Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2004ko Gure Artea Sariak

Aurkezpena
Artistak
Erakusketak

Euskal Teknika
Peio Agirre


 Orrialde  1 . Guztira 7 - Hurrengoa
Testu osoa (pdf,181,28 kB)




I

Gaur egungo eztabaidarik beroenetakoa artearen eta artisten nazionalitatea birkontsideratzeari buruzkoa da.

Jatorrizko izenaren tankerako hori -artistaren identitate nazional- marka bikoitz bihurtu da; totalizatu eta desberdintasunak sortzen ditu aldi berean.

Identitatearen borrokarako joera duen eta Bienalak, diskurtso multikulturala eta kapitalaren globalizazioa eta antzeko fenomenoak fagotizatzen dituen egoeran, galdera bat gailentzen da: gaur egun ba al dute oraindik zentzurik etengabeko mugimendua eta fluxua nagusi diren testuinguruan erakusketa nazionalek, pabilioiek eta horiek ordezkatzen duten guztiak?.

Bada gehitu beharreko eragile bat ere; izan ere, arteak berraurkitu egin ditu egungo Europako hainbat eskualde eta Estatu periferiko. Horiek guztiek mapa geopolitiko berria osatu dute, non artistek euren abertzalismoarekin eta adostasun globalak tokiko identitateak halabeharrez xurgatzearekin negoziatzen baitute.

Ez da txotxolokeria esatea identitate nazional desberdinen arteko gatazka areagotu egingo litzatekeela tradizionalismoaren eta modernizazioaren arteko tentsioa handiagoa den gizarteetan. Hori gertatzen da Euskal Herrian ere nolabait.

Lekuko maila intelektualari gehien interesatzen zaion gaietako bat modernotasunarena dela esan dezakegu. Agian hori horrela baieztatzea gehiegizkoa dela emango du, hitz hori higatuta baitago ikuspegi kulturaletik hartzen badugu, edo, hobeto esan, artearen ikuspegitik. Baina ez da gehiegizkoa gure gizarte hau modernoa dela edo izateko nahia duela ikus dadin maila politikoak egiten dituen ahaleginei begiratzen badiegu.

Fredric Jameson-ek idatzi duen azken liburuan "modernitate", "modernismo" eta "moderno" hitzen erabilera posibleen genealogia osoa egin du. Horren bidez adierazi nahi izan du hitz horietako bakoitza ez dela ongi erabiltzen, eta horrez gain, modernitatearen esanahi egoki bakarra eta egiazkoa kapitalismoarekin duen loturan aurkitu beharra daukagula. Modernismoa historia monolitiko bat bezala sekuentzializatuz gero, tokiko desberdintasunen terminoetan bereiztu ahal izango litzateke, eta horiek printzipio bakarrera laburtuko lirateke: kapitalismoaren eboluzio linealera. Hori da hitz giltzarri baten [modernoaren edo modernitatearen] oinarrizko beste esanahia nola sozial-demokratek hala kontserbatzileek behin eta berriro erabiltzen dutena.

Gaur egun XXI. mende hasieran egon arren, modernizazio prozesu hau amaitu gabe dagoela dirudi euskal testuinguruan, eboluzionatuta dagoen simulatu egin arren. Daitekeena da horren guztiaren apendizea AHT megaproiektua izatea [Abiadura Handiko Trena], "Euskal Y" deitutako hori, behin betiko sare europarrean edo Trans-Europe Express berrian sartua. Berriro ere trenbidea izango lirateke teknologiaren sinboloa edo azken modernoa denaren reifikazio ikonoa. Baina behin betiko modernotasun horretarako azken urrats horrek izan du preziorik handiena -postmodernitatearen eraginengatik zati batean- kulturala ekonomikoan eta ekonomikoa kulturalean kolapsatu baitira azkenean. Horren adibiderik nabarmenenak Guggenheim Bilbao Museoa eta bere ondorio urbanistikoak dira: hasi batzar-jauregi, zubi eta aireportuen arkitekturarekin eta museo eta azpiegitura kultural berrietaraino, hala nola, Artium museoa [Gasteiz] eta baldintzen mende dagoen Tabacalera etorkizuneko zentroa [Donostia].

Modernizazio prozesu horrek kontrastatu egiten du nekazal munduaren [bere hilzori partikularrean] eta urbanoaren arteko trantsizioarekin. Bi unibertso antagonikoren arteko talka indartsuarekin eta adaptatu gabearekin lotua askotan, emaitzak lurralde hibridoa luke ondorio, etengabe aldatzen ari dena, amaierarik gabeko lan publikoak dituena. Borroka hori XIX. mende amaieran hasitakoa da, iraganean hasi eta gaur egunera arteko artisten belaunaldi asko osatu ziren liskar horretan [berriaren behar larri horren bidez] eta urbanoa baldintza unibertsal bezala asimilatu zen amaitzeko.
Gaur egun Euskal Herrian artearen eta gizartearen artean dauden harremanak azpimarratzea zabaltzen ari den eremua aitortzea da, eta eremu hori pixkanaka desblokeatzen ari da bere iragan historikoarekin izan dituen harreman sendoak. Hori, nire ustez, bi modutara bakarrik egin daiteke: 1) kontzientzia historikoa areagotuta eta 2) alde batera utzi. Bi aukerak dira baliozkoak.

Bereziki nazionala edo propioa den kulturaren gaia erakunde mailako eztabaida da, eta kaleko hiritarrarentzat funtsezkoak diren gaiek adinako garrantzia du, hala nola: garraio publikoa, ingurumena zaintzea edo ekonomia nazionalaren iraupena.

Nazionalismoak kultur orientabide berri honetan duen arazo nagusia izango litzateke nola konbinatu gure etorkizun oparoa, aukera eta promesa teknologikoz betea, mito nazionalei uko egin gabe. Zentzu horretan, auto-afirmazio erreakzioak modernitatea hartzeko prozesu honetan sartu beharko lirateke, auto-afirmazioa baita ezaugarri moderno tipikoenetakoa.

Baina tradizioa tranpa ere bada. Pisu handia izan du tradizioak gure testuinguruan azken bi hamarkadetan egin den artean. Tradizioaren bidez historizitatean sartzean pentsa dezakegu, jada badauden diskurtso batzuen bidez subjektu bezala eraikita egotean, eta tradizio horren bidez sortzen gaituela edo ematen zaigula mundua. Gai horiek guztiek [tradizioak, nekazal munduaren amaierak edo modernoaren etorrerak] Bernardo Atxaga idazleari honakoa esanarazi diote, distantzia ironikorik ez duen autoritate batekin edo bera deseraikitzen saiatzen den mito nazionalaren eraginarekin "En el País Vasco estamos llegando al final del siglo XIX". [El País. Babelia gehigarria. 2004-09-4] Antzinaro-modernitate sintesia gudu-zelaia genuke hemen eta indarren borroka hori [elkarjarritako bi norabide dituen mugimendu tektoniko hau, bata etorkizunari begira eta bestea iraganari zeharretara begira] litzateke nazionalismoaren ardatz eragilea.

Zirkulartasun hau ixteko, non bere lehenbiziko bi sintomak modernitatea versus kapitalismoa dialektikan aurkituko baikenituzke, diskurtso nazionalista gehitu beharko genuke; izan ere, jakina da XX. mendearen historian prozesu nazionalistek lurralde eta geografia desberdinetan agertu direnean kapitalismoaren zabalkundeari eta garapenari mesede egin diotela eta egiten jarraitzen dutela.
Sistemaren klausura honi ordena alda dakioke, aldakorra eta era askotakoa baita, baina bidearen amaieran falta zen hiruko erregela bera izango du: Nazionalismoa versus Modernitatea versus Kapitalismoa.

Zentzu horretan, Pedro Manterola Altzuzako Oteiza Fundazioko egungo zuzendariak honakoa idatzi zuen: "eta amaitzeko, komunitatearen tradizioa eta prozesu modernizanteak elkartzearen ondorioz sortzen bada nazionalismoa, Eisenstadt-ek dioen bezala, ez al da euskal artea antzeko ahalegin baten ondorioa izan XX. mende guztian?"

Duela urte batzuk honakoa idatzi nuen Basque Report izeneko testu batean "gaur egun Euskal Herrian erregionalismoa eta globalitatea modu konplexuan egokitu dira. Batetik, euskal gizartea hor dabil nortasuna emango dion identitate propioaren bilaketaren eta bilaketa horri zentzua emango dion sinbolo ikusgarriak aurkitzeko beharraren artean. Bestetik, hirugarren sektorearen ezarpen gero eta handiagoari lotutako garapen ekonomikoa eta soziala eguneroko bizitzan ikus daitezkeen eraldaketak egiten ari da. Diskurtso politikoak sustatu eta sektore ekonomikoak egoki asko jaso duen eraikuntza nazional berri horri Euskopolis deitu zaio".