Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskadi.eus

Hasiera

Ibilbidea

Altzania gaineko hegaldia: Altzania gaineko hegaldia(Mov: 8.2 MB)

Megalito horietako gehienak bisitatzeko Otzaurteko gainetik abiatu behar da, eta bentaren eskuinaldetik abiatzen den pistatik igo, harrobiaren gaineko leporaino. Lepotik, ur-banalerroraino igotzen den pistari jarraitu behar zaio. Lepo zabal batera iristen da bidea. Lepotik ezproi bat abiatzen da pareko Gaztelu Berri Haitzerantz. Ezproi horretan dago Otsaarteko trikuharria.

Lehen megalito horretatik NWrantz jarraitu behar zaio mendilerroari; 800 bat metrora dago Bidaarte I-eko trikuharria. 560 m NWrantz, Bidaarteko lepoaren ondoko muinoaren gainean, hortxe da Bidaarte II-ko tumulua.

850 metro WNWrantz, Trikamuñootako gainaren ekialdera dagoen lepoaren erdian, hegoaldeko isurian, dago Trikamuñootako trikuharria. 1.100 m WNWrago, berriz, Tartaloetxetako trikuharria. Hor bukatzen dira mendilerro horretako megalitoak.

Garagarzako trikuharria ikusteko, Otzaurtera bueltatu behar da, eta errepidean behera jarraitu Nafarroarantz. Zentral elektrikora iritsi baino metro batzuk lehenago, trenbidetik gertu, eskuineko pista hartu behar da, trenbideko tunelaren gainetik. Ondoren, Garagarzako eta Antzuzkarreko haitzetara jo behar da. Gaztelu Berri mendiaren parean daude bi haitz horiek. Bikunaitz eta Zabalaitz arteko lepoan, hor da trikuharria.

Etxegarateko trikuharrira iristeko, izen bereko mendatera jo behar da lehenbizi. Mendatean, Benta etxetik Wrantz jotzen duen pista hartu behar da. Etxe horretatik 200 bat metrora, aipatutako pistaren eskuinaldean, dago trikuharria.

Zorroztarriko trikuharria, azkenik, Idiazabal eta Segura udalerrietako mugen artean dago, Pelotaleku eta Amalaun gainen artean, Zorroztarri esaten zaion bizkarraren SSWko muturretik gertu, uren banalerroan bertan.

Azken eguneratzea: 2011/06/15
Euskadi, auzolana