Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gazteak hautatzeko prozesua - Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa 2013

 

Izena emateko eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, hautaketa prozedura hasiko da.

Hautaketa prozedurak hiru fase ditu:

1.- Lehen fasea edo aurrehautaketa

Argazkiaren egilea: Patricia Baños Carril

Bigarren fasera pasako diren 170 parte-hartzaile aukeratuko ditu, gehienez, horretarakoxe eratutako batzordeak. Honako alderdi hauek hartuko ditu aintzat.

  • a) Aurten martxan diren lankidetza jardueretarako egokienak izan daitezkeen titulazio akademikoak, lanbide ezagutzak eta bestelako ikasketak.
  • b) Garapenerako lankidetzarekin zerikusia duten ezagupenak.
  • c) Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bateko kide izatea.
  • d) Gazte-elkarte batekoa zein helburu soziala duen beste erakunderen bateko kide izatea.

Batzordeak, egoki iritziz gero, elkarrizketa pertsonala egin diezaieke hautagaiei, aipatu berri ditugun alderdi horiei buruz.

Aurrehautatutako gazteen izen-abizenak Gazteaukera webgunean emango dira ezagutzera 2013ko maiatzaren lehenengo astean, gazteek izena ematerakoan horretarako baimena eman baldin badute.

Barriara, honako agiri hauek eramango beharko dituzte

  • Izena emateko eskabidearen egiaztagiria (PDF), behar bezala sinatuta.
  • NANaren edo AIZaren fotokopia.
  • Erroldatze-agiria, 2013ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoko udalen bateko erroldan dagoela egiaztatzen duena.
  • Bi argazki.
  • Izena emateko eskabidean gazteak adierazi dituen prestakuntza eta esperientzia ere egiaztatu beharko ditu, dagozkien tituluak eta ziurtagiriak aurkeztuta.

2.- Bigarren fasea edo azken hautaketa.

Argazkiaren egilea: Imanol Berrueco

Lehen fasean aurrehautatutako gazteekin egin beharreko topaketa da; beraz, pertsona horiek nahitaez parte hartu beharra daukate topaketan. Hiru egunez egiten da barnetegi batean, Gazteria Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan.

Topaketa non eta noiz:  Barriako aterpetxean (Narbaiza, Araba),  2013ko maiatzaren 10, 11 eta 12an. Nola heldu Barriara:Mapa

Eroso egoteko moduko arropa eraman behar da, baita papera eta boligrafoa ere.

Egonaldi horretan, Hautaketa Batzordeak 100 lagun aukeratuko ditu gehienez, hirugarren fasera pasa daitezen, eta horretarako honako hauek baloratuko ditu:

  • Lehen fasean aurrehautatutako pertsonen egokitasuna, topaketan erakutsitako errendimendua aintzat hartuta.
  • Lehen fasean aurrehautatutako pertsonen ezaugarriak zenbateraino diren egokiak garapenarako gobernuz kanpoko erakundeek deialdi honetarako aurkeztu dituzten lankidetza ekintzetarako. Aintzat hartuko da ekintza horietan integratzeko duten astia ere.

Hautatutako gazteen izen-abizenak Gazteaukera webgunean emango dira ezagutzera maiatzaren hirugarren astean, gazteek izena ematerakoan horretarako baimena eman baldin badute. Horrez gain, Gazteria Zuzendaritza harremanetan jarriko da hautatutako gazte guztiekin.

Hautatzen baldin bazaituzte,honako hau dioen aitorpena sinatu beharko duzu, zure erantzukizunpean: alegia, ez duzula zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dizun legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barne hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedepenetatik seigarrenaren indarrez.

3.- Hirugarren fasea edo informazioa eta orientazio aldia.

>Beren proiektuetan gazteak hartuko dituzten gobernuz kanpoko erakundeek formazio-jardunaldia eskainiko diete aukeratutako gazteei, eta aukeratutako gazteek nahitaez parte hartu beharko dute formazio-jardunaldi horietan. Bertan, lankide boluntario moduan burutuko dituzten lankidetza-proiektuen gaineko informazioa eta orientazioa emango zaie hautatutako pertsonei.

Topaketa non eta noiz: Barriako aterpetxean (Narbaiza, Araba),  2013eko maiatzaren 25 eta 26an.

Bai lehen topaketan bai bigarrenean sor litezkeen ostatu eta mantenu gastuak Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu.

Azken eguneratzea: 2013/03/26