Kulturaren Euskal Behatokiaren Jarduera Planak

2019ko Jarduera Plana

Portada

Estatistikaren arloan izan diren berritasun nagusiak Euskal Herriko Kultura Ohituren eta Praktiken 2018ko Inkestatik eta Arteei, Kultura Industriei eta Sormen Industriei buruzko 2017ko Estatistikatik datoz. Eragiketa bien emaitzak zabalduko dira.

Azterlan kualitatiboen ikuspegitik, kulturari eragiten dioten eztabaidetan agertzen diren gaiak sartzen dira. Adibidez, EAEko irakaskuntza artistikoen egoeraren eta eskubide kulturalen inguruan ikertuko da. Gainera, programa irekita dago Behatokira iristen diren proposamen sektorialetara.

Urte honetan nabarmentzekoa da, halaber, egindako komunikazio-plana, euskal sektore kulturalean sortzen den ezagutza hobeto transferitzeko.

Nahi genuke aurrerantzean ere ezagutza zabaltzea, ingurune kultural heldu bat sendotzen laguntzeko.

2019ko jarduera plana [pdf, 500 kB]

2018ko Jarduera Plana

Portada

Urtez urte egiten den ohiko lanari gehitzen zaizkion berri garrantzitsuak dakartza 2018ko programak. Arlo estatistikoan nabarmentzekoak dira Euskal Herriko kultura-ohitura eta -praktikei buruzko inkesta, eta Kultura eta Sorkuntza Industrien sektoretara irekitzeko asmoa. Erronkak dira biak ere, beren handitasun eta konplexutasunagatik zentzu metodologikoan, eta abiarazteko beharrezko diren kontraste- eta adostasun-prozesuengatik.

Azterlan kualitatiboen ikuspegitik begiratuta, kultura eraginpean hartzen duten eztabaidetako gaiak hartzen ditu barnean. Horrela, hiru ikuspegiren inguruan eratzen da programa: kulturan eragina duten joera globalen gaineko begirada bat; sektoreko berezko gaiak; eta kulturaren errealitatea EAEn. Gainera, Behatokira iristen diren proposamen sektorialetara irekita dago programa.

2018ko lan-programa aurkeztuko dugu. Programa lantzeko, 2017ko azaroan egindako Jarraipen Batzordean kontrastatua izan da Behatokiak berak landutako hasierako proposamena.

2018ko jarduera plana [pdf, 1 MB]

2017ko Jarduera Plana

Portada

Estatistikaren ikuspegitik, bi helburu planteatu ditu Behatokiak: ahalik eta kalitate handieneko informazioa eskaintzea eta emaitzak interpretatzen laguntzea. Hasieratik bertatik gardentasuna izan da Behatokiaren lanaren ezaugarri. Denboran zehar osatutako jakintzak aukera ematen du emaitza-txostenez gain, berauek hedatzeko dokumentu sintetikoak sortzeko, adierazleetan oinarrituta. Horrela, azterketari eskainitako barne-lana hainbat modutan iritsarazten zaie herritarrei.

Azterlan kualitatiboek gogoetan jartzen dute arreta. Funtsezko elementua da gogoeta, eta hainbat kontu eskatzen du: burua jasotzea, teorizatzea, orientabideak proposatzea, Ikerketa sakonik ez duten gaiak lantzea… Horren ondorioz, kultura politikarekin, etikarekin, ekonomiarekin, soziologiarekin eta abarrekin hizketan jartzen duten gaiei heltzen zaie. Estatistikak behar duen azterketa xehearen osagarri dira.

Behatokiari planteatzen zaion erronka oreka lortzea da, bai azterlanei dagokienez, bai baliatu behar duen testuinguruari dagokionez, eta irekieraren, distantziaren eta konpromisoaren arteko oreka izan, dela edukien, metodologien, sektoreen nahiz, oro har, kulturaren ekosistema osatzen duten agente guztien ingurukoa.

2017ko jarduera plana [pdf, 130 kB]

2016ko Jarduera Plana

Portada

Hiru ikerketa-lerrok elikatzen dute azterlanen eta ikerketen katalogoa: Behatokiaren beraren estatistikek, alde batetik (lan kuantitatibo gehienak baldintzatzen baitituzte eta dagoeneko sendotua den lan erregularrari eusten baitiote), azterlan kualitatiboek, bestetik, eta, azkenik, komunikazio- eta gogoeta-elementuek (proposatzen diren azterlanetatik abiatuta eskain litezkeen produktu berrien ingurukoek zein Behatokiak egiten duen lana alderatzeko eta hari buruzko gogoeta egiteko espazioen ingurukoek).

2016. urterako asmoa erreferentzialtasun handiagoa lortzea da. Horretarako, lankidetza berrietara, gogoeta-esparru berrietara eta aztertzeko gai berrietara ireki beharra dago. Ildo horretan, Behatokiaren eredu eta estatistika-esparruaren inguruan egindako barne-gogoetaren eta hainbat bidetatik jasotako eskarien ondorioz, lan-programa bat landu da, gaiei dagokienez askotarikoa eta sektorearekiko eta beste agente batzuekiko konplizitateen bilaketari dagokionez suspergarria. Ondoren, programa horren eduki nagusiak aurkeztuko ditugu.

2016ko jarduera plana [pdf, 120 kB]

2014 eta 2015eko Jarduera Plana

Portada

Azken urteotan, informazio-sistema bat finkatu da, eta sistema hori are gehiago haziko da, informazioaren dimentsioari dagokionez nahiz azterketak behatutako errealitateen ñabarduretara eta berezitasunetara hurbiltzeko gaitasunari gagozkiola. Gainera, ikerketa kualitatiboen ildoaren bitartez, kultura-politikei buruzko egungo eztabaidetako gai erabakigarriei heldu zaie. Egia esan, esperientzia bera baliotzat har dezakegu, errealitatea ezagutzeko balio digulako, baina horrez gainera, etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko ere baliagarria delako, lanaren antolamenduari eta helburuei dagokienez.

Gaur egun, KEBk bi norabidetan kokatzen du bere arreta: batetik, estatistika-lan erregularraren eta ikerketa kualitatiboen kudeaketarekin jarraitzea, Behatokiaren informazio- eta jakintza-sistemaren ardatzak baitira; eta bestetik, behatokiak eskariei erantzuteko duen gaitasuna nahiz irekitzeko eta harremanak ezartzeko ahalmena indartzen ari diren lankidetza-tresna eta lankidetza-esparru berriak diseinatzea eta abiaraztea.

Horrela, behatokiak erronka horiek ezartzen dizkio bere buruari, errealitatea aldatzeko lehen urratsa errealitatea sakontasunez ezagutzea dela irizten baitio. Ondoren, 2014-2015eko lanaren alderdirik nabarmengarrienak deskribatuko ditugu.

2014-15eko jarduera plana [pdf, 330 kB]

2013ko Jarduera Plana

Portada

Aurten, azterlan kualitatiboen katalogoa zabalduko du, gaurkotasuneko gaiekin batera –kulturari ezarritako BEZa, diseinuaren sektorea EAEn edota nazioartekotzea– sektore indartsu eta trinkoago bati eustea ahalbidetuko duen auzi estrukturalagoak landuz.

Esparru estatistikoan, Arteei eta Kultura Industriei nahiz Finantzaketari eta Gastu Publikoari buruzko urte birik behingo estatistika-eragiketen erritmoarekin jarraitzeaz gain (biek ere hirugarren edizioa dute), helburu gisa ezarri da EAEko kulturaren sektorearen unean uneko egoerari buruzko informazioa eskainiko duten gailuak gehitzea. Horrenbestez, oinarrizko estatistikaren erritmo geldoa eta garai hauetan beharrezkoa den erantzuteko arintasuna eta azkartasuna uztartu nahi dira.

Komunikazio-politikari dagokionez, KEBek ohiko bideak mantentzen ditu: webgunea bere lanaren edukiontzi nagusi gisa, bildumetako argitalpenak eta Kulturkaria hilabetekaria.

2013an, begiraden, ikuspegien, analisirako gaien eta planteamendu metodologikoen uztardurak azterlan berrien saldo bat ekarriko du emaitza gisa, eta KEBek espero du gure herriarentzat –egungo egoera gorabehera– funtsezkoa den sektore batentzat elikagai aberatsa izan daitezen.

2013ko jarduera plana [pdf, 1,7 MB]

2012ko Jarduera Plana

Behatoki baten eginkizuna informazioa eta jakintza sortzean oinarritzen dela kontuan izanik, azpimarratu behar da elementu horiek, definizioz, aldaketako eta garapeneko faktoreak direla. 2012. urtean, Kulturaren Euskal Behatokiak bere informazio-oinarria zabaltzeko asmoa du euskal kulturaren errealitatea ikuspegi desberdinetatik ulertzen laguntzeko: arteak eta kultura-industriek bizi duten ikuspegitik eta gastu publikoak kulturan duen garrantziaren ikuspegitik. Horrela, bizi ditugun fenomenoak sakonean ulertzeko bilakaera-datuak izango ditugu.

2012ko jarduera plana [pdf, 330 kB]

2010eko Jarduera Plana

Behatokiaren eginkizuna ez dago kulturaren hainbat alderdiri buruzko informazioa biltzera mugatuta, horretaz gain, informazio erabilgarria lortzeko eta aztertzeko gaitasuna ere izan behar baitu, kultura-sektoreei eta kulturaren esparruko estrategia politikoak zehazteko ardura dutenei orientabideak emateko.

2010eko jarduera plana [pdf, 70 kB]

2009ko Jarduera Plana

2009an, KEBren ibilbidean etapa berri bat hasi da. KEB proiektua 2006an gauzatu zen kulturaren eta haren sektoreen informazio-sistema erregularra eta egituratua edukitzeko beharrari erantzuteko.Behatokiak diseinatutako eta kultura-eragileekin egiaztatutako estatistika-esparruaren ikuspegi globala eta sistemikoa hartzen du erreferentziatzat etapa horrek.

2009ko jarduera plana [pdf, 85 kB]

2008ko Jarduera Plana

Orain gutxi arte, Kulturaren Euskal Behatokia aipatzean, sortua izateak berak zuen garrantzia azpimarratzen zen; abian jarri izatea bera lorpentzat hartzen zen. Sortu zenetik igaro den urte eta erdi honetan, sortzean eman zitzaizkion funtzioak betetzeko oinarri kontzeptualak eta operatiboak finkatzea izan da Behatokiaren lan nagusia: euskal kulturaren informaziosistema eratzea, harremanetan eta lankidetzan oinarritutako planteamendu batetik abiatuta

2008ko jarduera plana [pdf, 120 kB]

2007ko Jarduera Plana

Kulturaren Euskal Behatokia martxan jartzea asmo handiko proiektua da, eta kultura-errealitatea aztertzeko etapa berriari eman dio bide. Lehen hilabeteetan, haren funtzionamenduaren oinarriak finkatu dira. Orain, berriz, Behatokia sendotu eta etorkizunera bideratu behar da, betiere kontuan izanik zertarako sortu zen.

2007ko jarduera plana [pdf, 3 MB]

Euskadi, auzolana