Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Epaimahia:

Juan Garzia Garmendia jauna, epaimahaiburu.
Markos Zapiain Agirre jauna, epaimahaikide.
Eskarne Mujika Gallastegi andrea, epaimahaikide,
Karlos Cid Abasolo jauna, epaimahaikide.
Román Berriozabal Azpitarte jauna, epaimahaiko idazkari.

Epaimahiaren erabakia:

2000. urteko “Euskadi” literatura saria, euskarazko literatura itzulpen onenari dagokiona, arautu eta horretarako dei eginez Kultura sailburuak emandako Aginduan begiz jotako baldintzak bete dituzten literatura itzulpenak aztertu eta horien kalitateaz eta literatura-dimentsioaz luze-zabal hitz egin eta eztabaidatu ondoren, behean izenpetzen dugun epaimahaikideok honako hau erabaki dugu, dakigun eta ahal izan dugun ondoen eta zintzoen jokatuz:

2000. urteko “Euskadi” literatura saria, euskarazko literatura itzulpen onenari dagokiona, IRENE ALDASORO KATARAIN andreari ematea, JAMES JOYCE idazlearen "DUBLINERS" liburua "DUBLINDARRAK" izenburuarekin euskaratzeagatik.

Itzulpen-lan horrek badu, epaimahai honen iritziz, nahikoa meritu esandako saria eskuratzeko. Horien artean honako hau litzateke azpimarragarrien: Joyceren mundu konplexua eta idazkera milimetrikoa zehaztasun bikainez euskara jorian eman izana, jatorrizko testuko ñabardura guztiei eutsiz.

"Dublindarrak" ez da ipuin-bilduma soila, hamabost ipuin soltez osatua; batasuna duen liburua baizik. Ipuinak ez dira hiriko estanpa edo hiritarren karikatura batzuk: azaleko itxuraren atzean karga sinboliko itzela duten istorioak dira. Kontakizun bakoitza besteen osagarri eta aberasgarri dira. Batek beste baten oihartzun egiten dute. Hasieratik amaieraraino irakurri eta gero, nabarmen ageri dira liburuaren osotasuna eta zatiek elkarrekin duten harremana. Ordena kronologiko bat ere jarraitzen dute kontakizunek: hartzaroko istorioak, nerabezarokoak, helduarokoak eta Dublingo bizitza publikokoak.
"Dublindarrak" liburuan dago Hiria, kontakizunen euskarri eta magal, bere izen propio eta guzti. Eta, hirian, hiritarrak, horiek ere beren izen propioekin. Gizarte oso bat. Hain zuzen ere, Joycek salatu nahi zuen gizarte indargabetu, paralizatu eta ohiturei lotu huraxe. Joycek jende arrunt horren egunerokotasunaren akta jasotzen du ahalik eta objetibotasun handienaz, berak ikusten duen bezala, eta haien jokabidearen juzkurik egin gabe.
Joyceren lehen maisu-lana da "Dublindarrak".