Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

1997. urteko literatura sariak

portada libro

Idazlana: Bihotz bi. Gerrako kronikak
Idazlea: Ramon Saizarbitoria

Ramon Saizarbitoria

Ramon Saizarbitoria da euskal nobelagilerik sendoena. Berak idatzi zuen duela hogeita hamar urte lehen nobela modernoa eta beregandik etorri zaizkigu azken urteotako libururik interesgarrienetakoak.

Europako -batez ere Frantziako- nobelagintzaren ekarpenak bereganatuz, eta hirurogeiko hamarraldiko zinemaren zenbait gidoigileren eragina ere sahiestu gabe, ordura arteko euskal nobelagintzren egora aldatu zuen, teknikaz nahiz mamiz aldatu ere.

Saizarbitoriaren paisaje naturala hiria da, eta hangoak dira, orobat, pertsonaien arteko peripezia eta erabakiak: historialari berritsu anonimoa eta abortatzeko ahaleginetan egokitu zen Gisèle ("Egunero hasten delako"), "Ehun Metroren" neurrira jositako labirintuaren erdian heriotza aurkitu zuen aktibista, artean bizirik dagoela ziurtatzeko gelako sabaiari begira bere buruari kontuak kontatzen dizkion elbarria ("Ene Jesus"), "Hamaika pauso" eman eta gero errugabearen sakrifizio ritualaren sarean behin eta berriz heriotz berberaren errepikapenera kondenatzen gaituen Iñaki Abaitua, edo bere emaztea leihotik behera bota zuela aitortuz abiatzen den "Bihotz bi".

Peripeziak berez iradokizun indar handikoak izanik ere, ezin da ahaztu Saizarbitoriaren abilezia nobela eraikitzeko orduan: egilearen kontamoldeen erabilera trebea; ironia eta umorea; denboran atzera eta aurrera ohi dituen jauzi etengabeak…

Horiexek dira ohiko istorio-kontatzaileari bizkarra ematen dion nobelagilearen ezaugarrietako batzuk. Ez du behintzat hasieratik amaierara xuxen-xuxen irakurlea bideratzen saiatu nahi. Alderantziz, nahiago du hasiera-hasieratik irakurleari kontatu zer gertatzen den nobelan, eta hortik aurrera idazlanaren muntatze lanerako irakurlearen konplizitatea irabaztea. Benetako abentura literarioa muntatze horrena da, kontatzearen abentura bera. Norbaitek esango luke, literaturak gauza berberak kontatzen dituela beti, aldatzen dena ordea, kontatzeko modua dela. Eta, hala eta guztiz ere, kontatzen zaigun hori edozeini zirrara eragiteko modukoa da.

Nobelaren halako ikuspegiak narrazio arruntarenak ez diren beste baliabide batzuk garatu behar ditu: memoria asoziatibo-afektiboaren esanetara jartzen da narratzailea.

Saizarbitoriaren nobeletan -"Ehun metro"-n edo "Hamaika pauso"-n esate baterako- zentzumen fisiko edo elementu kondretuen golkotik eraikitzen da narrazioa. Nahikoa da usain bat, lore bat, mundu narratiboaren giltzarri eragile bihurtzeko. Izan ere, kapritxosoa da memoria.

Tradiziozko narrazioa nahiz Saizarbitoriaren, fikzio dira biak. Fikzio, hau da artifizio. Hortaz, munduaren esperientziak markatuko luke artifizioaren neurria eta, ondorioz, fikzioaren egiatasuna. Eta, alde horretatik ere, modernoa eta zinez benetakoa de Ramon Saizarbitoriaren nobelagintza.