Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal Instrumentuak


Aerofonoak >> Txistua,Txilibitua, Silboa

TxistulariakTxistua, hiru zuloko (hirurak behealdean ditu; bi aurrealdean eta bat atzealdean) moko-flauta zuzena da. Idatzitako dokumentazioan ikusten denez, antzina, txistuak hezurrezkoak edota erabat zurezkoak izaten omen ziren (gaur egungo txirularen antzera).

Hau dugu gure herri-musikan azken garaiotako (eta lehenagokoetan ere bai) soinu-tresna zabalduena eta ezagunena. Horren adibide argienetakoa XVIII. mendean Iruñeko festetara joandako mila inguru musikoen zerrendako gehienak, Euskal Herriko eskualde desberdinetako (gehienak Gipuzkoa eta Nafarroakoak) txistulariak dira (Ramos, 1990).

Soinu-tresna honen historiaz, dokumentazio ugari eta aspaldikoa dugu. Batzuen ustez, lehen aztarna Nafarroa Behereko Isturitzeko "Laminazilo" leizezuloan agertutako hezurrezko txilibitua da (adituek diotenez, hau orain 25.000 urte ingurukoa da). Hiru zulo ditu, hirurak alde berean. Muturra, hirugarren zuloan puskaturik dago eta hau da gorde den zati bakarra. M. Barrenetxeak Gorbeialdean hezurrezko txistuaren erabilpenari buruzko informazio oso interesgarria bildu zuen (Barrenetxea, 1984).

Isturitzekoa gaurko txistuen abiapuntu izan ala ez, dakiguna honakoa da, bere musika belaunaldi askotako euskaldunek entzun dutela. Dokumentu zaharretan ikus dezakegunez, txistularia bere inguruko gizartearekin erabat lotuta zegoen, baserritarren eta antzinako kultura eta ohitura zaharrak, (kasu batzuetan kristautasun aurreko kultura eta sinesmenak) mantentzen ziren inguru horietan eta bere musikarekin parte hartzen zuen herriko bizitzan; lan, festa, dantza, gizarteko ospakizun eta abarren inguruko ekintzetan (A. Donostia, 1952): Kostaldeko herrietan baleak agertzen zirenean txistuarekin aritzen zen txistularia arrantzaleei abisatzen. / / Oiartzungo herrian, 1749. urtean txistulariek jotzen zuten pilota-frontoia eraikitzen ari ziren langileak beren eginbeharrean animatzeko. / / Lekeition, 1573. urtean bederatzi hilabeteko izurria jasan zuten eta txistulari bat kontratatu zuten bere musikarekin herriaren mina, goibeltasuna eta kezka xamurtzeko. / / Ezteietan, ezkonberriek bizi behar zuten, etxera arreoarekin karriketan zihoazenean txistularia joaten zen segizioaren buruan.

Halako adibide asko aipa genezake txistulariaren funtzio eta gizarte-egoera nolakoa izan den ezagutzeko.

Baina dena ez da beti gozoa izan txistularientzat. Gaur egun Eliza eta erakunde ofizialekin gehienetan harreman onak badituzte ere, historian zehar txistulari hauek marjinazio latza jasan dute askotan, hauek ibiltzen baitziren zenbait dantza, ekintza (askotan paganotzat jotzen ziren) eta ohitura zaharretan partaide eta buruzagi gisa.

Hona hemen historian zehar azaltzen diren adibide batzuk (gehienak A. Donostiak idatzitako "Instrumentos Musicales ..." liburutik hartuak: Aitortzean, txistulariaren txistu eta danbolina erre egin behar izan zituztela barkamena lortu ahal izateko. / / Txistulariak, edo txistulari izandakoak, ezin zuen kargu publikorik izan zenbait tokitan. Horregatik herri batzuetan "danboliteroak" agote eta ijitoak izaten ziren eta bestetan festetarako kanpotik ekartzen zituzten. / / Inkisizio santuak 1611. urtean Hondarribian sorginei egindako epaiketan, salatari baten aitorpenean, "Inesa Gaxengoa, danbolina jotzen ikusi zuala" agertzen da. Ez dakigu justu-justu zergatik erabiliko zuten arrazoi hau bere kontra: emakumezkoek txistua jotzea debekatuta zutelako ala berez txistua jotzea pekatu zelako, edota bi arrazoiengatik.

Ikus daitekeenez, txistuak bide luze eta zabala egin du gure historian eta aspaldidanik oso hedatua dagoenez, nahiz eta itxuraz bat izan, jotzeko aldaera eta estilo asko daude eta horrekin batera, joera, errepertorio eta txistularien funtzioaren aldetik desberdintasun nabarmenak ere bai. Hala ere bi estilo nagusitan bana daiteke: "baserritarra-herrikoia" bata eta "kaletarra-eskolakoa" bestea.

Zaila da eskolako edo akademiako txistularia noizkoa den jakitea, noiztik ari den hiri eta herri handietan musikari "ikasitzat" kontsideraturik. Erdi Aroko datu ikonografiko askotan azaltzen da, gehienetan gorteko ingurunearen barruan, bakarka edo beste soinu-tresnekin taldea osatuz. Ez dugu ahaztu behar garai hartan eta geroago ere, Europa osoan Errenazimentuko kultur mugimendu indartsua zegoela, eta horrelako soinu-tresnak (tambourin) asko erabiltzen zirela.

Hemezortzigarren mendetik aurrera xehetasun asko dugu. Txistulari hauek orduko dantzak eta kontzertuak jotzen zituzten, bakarka edo taldeka. Beren errepertorioan biolin eta beste soinu-tresnetako obrak sartzen dira, eta baita garai haietan "kultu" ziren eta kale inguruan modan zeuden dantza eta erritmoak ere: minuetoak, kontrapasak, polkak, baltsak, habanerak, etab. "Birtuosismo" handia erdietsi zuten txistulari handi haiek. Gasteizko Baltasar de Manteli txistulariari buruz, Mozarten Il Flauto Magico-ren Oh cara armonia atalaren aldaketak bi txisturekin batera jo zitzakeela esaten da. Euskal Herritik kanpo ere, Madrilgo aristokraziaren aretoetan esate baterako, jo izan zuten beren trebetasuna erakutsiz.

Euskal Herriko hiriburu eta herri nagusietan Diputazio eta Udaletako talde ofizialak dira, korporazioari bere aurkezpenetan lagunduz, prozesio erlijioso eta bestelakoetan, kanpotik etortzen diren handikiei ongi etorria emateko eta bestelako ekintzetan musika jarriz.

Hasieran aipatu dugunez, "herrikoia" eta "akademizista" bi estilo hauek izan dira nabarmenak txistulariengan, baina mugak erabat finkaturik ez zeudenez, baziren neurri batean edo bestean bietan aritzen zirenak ere.
Izakera aldetik desberdintasunak badira, taldea osatzean ere, inguruan zer zeukatenaren arabera "formula" asko erabili izan direla ikusten baitugu. Hona hemen txistulariek historian zehar osatu dituzten musika-talde desberdin batzuk: Txistua eta danbolina ("tamboril", "tamborin", "tambolitero" edo halako izendapenekin agertzen da) jole bakar batek jota agertzen den modu arruntetako bat. Dokumentu askotan "salterio" hitza agertzen da eta halakoetan txistuarekin batera sokazko danborra erabiliko zutela uste dugu. Txistu eta "salterio"-"chun chun" (ikus Ramos, 1990 eta Humboltd-en idazlanak). Txistu eta panderoa. Txistu-danbolina eta atabala erritmo aldetik laguntzen.

Bi txistu-danbolin (duoa eginez, hala uste dugu) eta bestetan atabalaren laguntzaz. Txistu-danbolina eta arrabita (tamboril y rabel / tamborin y rabete).

Noiz sortu zen ez badakigu ere, azken garaian talde finko bat agertzen zaigu: Txistu 1ª, txistu 2ª (biak danbolinekin), silbotea eta atabala, gure garaira iritsi den laukotea. Talde-mota honek indar handia hartu zuen mende honen hasieran eta aldaketa gutxirekin jarraitzen du gaur egun txistulari-talde ofizial gisa. Hego Euskal Herriko Udal handi gehienek eta Diputazio guztiek, badute halako talde ofizial bana. Kontzertu eta dantza-saio ugari eskaintzen dute urtean zehar.

 

Azken eguneratzea: 2006/02/06