Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal Instrumentuak


Aerofonoak >> Xirula, txulula, txürüla

Xirula, txistua bezala, hiru zuloko moko-flauta zuzena da. Txistua baino motzagoa eta doinu altuagoa ematen du, lau tonu eta erdi altuagoa (Do tonuan afinatua dago gutxi gorabehera). Altutasun honek berezitasun eta bizitasun handia ematen dio (askotan nota baten bi harmoniko batera entzuten dira) eta urruti-urrutitik eta beste soinu-tresnen gainetik bere hotsa entzuterik izaten da. Itxura eta egitura aldetik ere ez dira berdinak. Dirudienez, txirulak aldaketa edo eboluzio gutxi izan du. Ezpel-egurrez egiten da, dena puska batean (aho-pitako takoa izan ezik). Askotan goiko eta beheko muturrak adarkiz sendotzen dira, hauek baitira kolpez puskatzeko arriskurik handiena duten zatiak.

Gaur egun Euskal Herriko Ipar-Ekialdean jotzen da. Zuberoan ez da festarik eta dantzarik xirularik gabe.

Xirula jotzeko modurik arruntena danburiarekin jotzea da. Xirulari berak xirula eta danburia, biak batera jotzen ditu. Xirula jotzen duen beso berarekin heltzen dio danburiari bere gorputzaren kontra. Batzuetan bi xirularik batera ere jo izan dute bakoitzak bere danburiarekin. Azken aldian Zuberoan danburia gero eta gutxiago erabili izan dute eta talde arruntena Xirulak eta atabalak osatzen dutena izan da. Txistuaren kasuan ikusi dugun bezala, xirulariek ere beste soinu-tresnen joleekin elkarturik bestelako taldeak osatu dituzte, hala nola biolinarekin edo akordeoi diatonikoarekin.

Soinu-tresna hauek (xirula-danburia) atzerakada handia izan dute azkenaldian. Antzinako idazlanei begiratzen badiegu ia Nafarroa osoan (Tuteraraino) azaltzen da, eta Iparralde osoan ere bai, kostaldetik Zuberoraino.

Non eta nolako taldeak osaturik jo izan den jakiteko, oso garrantzizkoa da Jesus Ramosek idatzitako "Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares..." ezagutzea. Idazlan honetan, XVIII. mendean, Iparralde (gehienak) eta Nafarroakoekin batera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak ere garbi agertzen dira (ikus ttun-ttuna).

 

Azken eguneratzea: 2006/02/06