Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantzan Bilaka - 2013

AURKEZPENA

Dantzan Bilaka '13 - Kartela

Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailak urteak daramatza Dantza laguntzeko programak sustatzen. Datzan Bilaka programa hau, zehazki, ikus-entzuleei beren lanak erakutsi nahi dizkieten koreografo hasiberriei zuzenduta dago.

Dantzan Bilaka programan parte hartzen duten sortzaileak aukeratzeko, koreografia-ikerketarako dirulaguntza deialdia egiten da urtero. Dirulaguntza emateaz gainera, sorkuntza-prozesuaren jarraipen artistikoa eta teknikoa ere egiten zaie hautagaiei, beren sormen-prozesuetan.

Dantzan Bilaka programak euskal sortzaileen elkarrizketarako eta gogoetarako topaleku izan nahi du, koreografia-lanak sortzerakoan izaten dituzten kezkak eta zalantzak aztertzeko.

Zortzi hilabetean, koreografoek eta partaideek hainbat lan-topaketa egiten dituzte, sortzaileak eta sorkuntza-prozesuaren aldi desberdinak aurrez aurre jartzeko. Talde-gogoetarako espazio bat sortu nahi da horrela, sormen-prozesuetan funtsezkoak diren tresnez eztabaidatzeko, partaide bakoitzaren proiektua garatzen laguntzeko, eta partaideak egile eta sortzaile burujabe bihurtzeko. Hala, proiektuak aurkezteko topaketa bat egingo da aurrena, eta lanak mahai-gaineratzeko eta haien inguruan hitz egiteko beste bat, gero. Nork bere proiektua, bere ideiak, proiektua zer fasetan dagoen, nondik eta nola lan egin nahi duen eta abar azalduko du. Gero, hirugarren topaketa bat egingo da, lanak eszenaratzeko, prozesuaren edozein fasetan egonda ere. Garrantzi handiko unea da hori, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, hasierako ideiak gauzatzen hasten direlako; bestetik, ideia horiek talde osoarekin (koreografo, dantzari, teknikari, musikari eta bestelako laguntzaileekin) partekatzeko aukera eskaintzen zaielako.

Irailean, proiektu bakoitzak dituen behar teknikoak aztertuko dira lan-aste batean. Egun horietan, koreografoei aukera emango zaie nork bere lanerako diseinatutako argiztapena eta soinua saiatzeko eta lana bera eszenaratzeko, teknikoki behar bezala hornitutako areto batean.

Azkenik, prozesu honi amaiera emateko, Dantzan Bilaka programaren zazpigarren ekitaldi honetan parte hartu duten bederatzi koreografoen lanak Euskadiko bi hiriburuetako formatu desberdineko espazioetan jarriko dira ikusgai.

Aurten hiru gunetan erakutsiko dira bederatzi lanak: horietako lau italiar erako antzoki batean (Gazteszena, Donostia) eta gainerako bostak Bilboko Alhondigan. Azken gune horretan, koreografo bakoitzak bere lan-proposamenerako espaziorik egokiena aukeratu du. Halatan, txandaka, Auditoriumean, Jarduera Osagarrien Zentroan eta Atarian ez ezik, Alhondigaren beraren kanpoaldean ere ikusi ahal izango dira. Azken koreografia, berriz, Errekalde Aretoan ikusiko ahal izango da.

Gune bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu, oso desberdinak, eta horien araberakoak izango dira lan mota, ikusleekiko harremana, argiztapena, soinu kalitatea...

Koreografo bakoitzak bere modura ulertzen du, noski, lana “erakusteko”, bere sorkuntza-prozesua ikusarazteko eta ingurunean kokatzeko modua.

Aurtengo egitarauan, berritasunen artean, Gogoeta Jardunaldi bat izango dugu. Jardunaldi horretara Isabel de Naveran ikertzailea eta teorikoa gonbidatuko dugu (Arte Ederretan doktorea eta Arteako ikertzailea, www.arte-a.org), aurkezturiko lanei buruzko iritziak partekatzeko.

Gogoeta Jardunaldiaren helburua honako hau da: Dantzan Bilaka-ko parte-hartzaileek beren proposamenen inguruan diskurtsoa egituratzeko aukera izateko eta lanbide-bizitzako etorkizuneko egoeretan beraien buruarekin kritikoak izateko, azterketarako marko egoki bat sortzea.

Horrenbestez, Dantzan Bilaka programaren zazpigarren ekitaldi honetan aurkeztutako koreografia-proposamen askotarikoak jarrera irekiarekin jasotzeko gonbita egin nahi diegu ikusle guztiei.

Dantzan Bilaka 13.aren koordinazio-taldea.