Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantzan Bilaka '10

Dantzan Bilaka: Aurkezpena | Lanak | Egutegia

Koreografia sormenerako prozesuak

Dantzan Bilaka - Kartela

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak hainbat urtez bultzatu ditu Dantza laguntzeko programak, eta zehazki, Dantzan Bilaka programa, ikus-entzuleei beren lanak erakutsi nahi dizkieten koreografo hasiberrientzat prestatutakoa.

Dantzan Bilaka programan parte hartzen duten sortzaileak aukeratzeko, koreografia-ikerketarako dirulaguntza-deialdia egiten da urtero. Dirulaguntza horrez gainera, jarraipen artistiko eta teknikoa ere egiten zaie hautagaiei, beren sormen-prozesuetan.

DANTZAN BILAKA programak euskal sortzaileen elkarrizketarako eta gogoetarako topaleku izan nahi du, koreografia-lanak sortzerakoan sortu zaizkien kezkak eta zalantzak aztertzeko.

Sei hilabetean, koreografoek eta partaideek hainbat lan-topaketa egiten dituzte, sortzaileak eta sormen-prozesuko faseak aurrez aurre jartzeko. Talde gogoetarako espazio bat sortu nahi da, sormen-prozesuetan funtsezkoak diren erremintez eztabaidatzeko; ikerketa-metodologia, erreferentziak erabiltzea, parte hartzeko moduak, lanak erakusteko modua, ikusleen lekua prozesuan zehar, etab. Horien bitartez, partaide bakoitzaren proiektua nola garatzen den ere erakutsi nahi da, erabakiak beren kabuz hartzen dituzten egile eta sortzaile bihur daitezen.

Euskal Herriko Unibertsitateak uztailean Bilbon antolatutako Arte eta Kultura topaketetan, BILAKAko koreografoei dantza garaikideko ikastaroan doan parte hartzeko aukera eskaini zitzaien. Ikastaroa María Muñoz koreografoak (Malpelo konp.) eman zuen, eta Dantzan Bilakako aurtengo edizioko ia koreografo guztiek hartu zuten parte.

Irailean, proiektu bakoitzak dituen behar teknikoak aztertzeko lan astea egingo da. Koreografoek aukera izaten dute teknikoki prestatutako aretoren batean argiztapen, soinu-diseinu eta eszenaratzeaz dituzten ideiak praktikatzeko.

Azkenik, prozesu honen emaitza erakusketa batean erakutsiko zaie ikus-entzuleei, Dantzan Bilakaren hirugarren ekitaldi honetan parte hartuko duten hamar koreografoen lanak Euskal Herriko hiru hiriburuetan, hainbat formatutako aretoetan, erakutsiz.

Aurten, 10 lanak lau gunetan egongo dira ikusgai: 3 italiar erako antzoki batean (Gazteszena, Donostia), beste 3 areto zuri batean (Artium Museoa, Gasteiz), beste 3 areto alternatibo batean (Campos Antzokiko Areto Balioaniztuna, Bilbo) eta hamargarrena hotel bateko gela batean (Bilbo). Gune bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu, oso desberdinak, eta horien araberakoak izango dira lan motak, ikusleekiko harremanak, iluminazioa, sonoritatea...

Koreografo bakoitzak ezberdin ulertzen du bere lana “erakusteko”, prozesua ikusarazteko eta inguruko aretoan kokatzeko modua.

Horrenbestez, Dantzan Bilaka programaren laugarren ekitaldian aurkeztutako koreografia-proposamen askotarikoak jarrera irekiarekin jasotzeko gonbita egin nahi diegu ikusle guztiei.

Dantzan Bilaka 10raren koordinazio-taldea