Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantzan Bilaka '09

Dantzan Bilaka: Aurkezpena | Lanak | Egutegia

Dantzan Banaka
Eneko Balerdi

Dantzan Banaka

koreografia: Eneko Balerdi
Interpreteak: Eneko Balerdi

Sinopsia

Proiektu honetan pilotariaren mugimenduak aztertu dira. Grabitate edo pisua, denbora, espazioa eta fluju aldagaiak kontutan hartuz, zortzi esfortzu nagusi sailkatu dira. Esfortzu hauek eraginiko mugimendu aukera ezberdinak konposatu eta koreografia bat sortu da. Pilotariak bere teknikaz sortzen duen mugimendu funtzional eta objetiboa oinarri, mugimendu sentsazioak izan dezakeen eragina ere aztergai da; irabazten ala galtzen aritzeak eragina kasu. Bilaketarekin jarraituz, aztergai izan dira, nahigabeko mugimenduak eta baita mugimenduek edota emozioek arnasketan izan dezaketen eragina ere; eta alderantziz.

Koreografoaren ibilbidea

2002. urtean hasi zuen Enekok bere ibilbidea dantzan, Donostiako Anaiak eskolako Jazz klaseetan. Gutxira dantza garaikidea ikastera joan zen Iñaki Landaren eskolara. 2004ean Londresko The Place dantza eskolan sartu zen eta 2007an amaitu zituen dantza garaikideko goi mailako unibertsitate ikasketak. Urte hauetan Skinworks taldearekin jardun zuen lanean. Graduatu eta bereala SAGA konpainiarekin Dinamarkan egin zuen lan eta Burgoseko Koreografia jaialdi internazionalean parte hartu. Handik hurrena Dance Theatre of Ireland konpainiarekin lan egin zuen, Dublinen, 2007ko udazkenean. Orduz geroztik Bilbon diardu Atxarte Lopez de Munain konpainiarekin lanean, irakasle lanetan eta bere lana sortuz.

Sorkuntzaren prozesuaren planteamenduak

Pilotariaren mugimenduaren sorburua aztertzeko Rudolf Labanen teknikan oinarrituta azterketa sakon bat egin da. Prozesu honek lehen fasea teorikoa izan du eta ondoren frontoira igaro da dantzaria teorian azterturikoarekin jolastu eta lehengai hori garatuz mugimendu hizkuntza zabalago bat osatzera. Pilota partidu ezberdinetako grabazioak ere erabili dira aztergai izango den mugimendua aukeratzeko. Sake, golpe pertsonal eta halako jokaldi multzo bat hartu eta berau ahalbidetzen duten esfortzuak analizatu dira.
Mugimenduaren jolasean pilotaria eroso sentitu denean espazio aztertzera pasa gara. Mugimenduak espazioa nola aldatzen duen eta espazioak mugimendua nola aldatzen duen aztertu da. Pilotaria eta espazioaren artean dagoen tentsio erlazioarekin jolasten da lanaren bigarren zatian. Pilotariak bere mugimenduaz espazioa azaldu nahi dio ikusleari. Prozesuaren azken zatian mugimendua frontoitik ateratzen da eta espazio neutro batean kokatu. Hau egitean mugak zein kodeak ohiko arauetatik ezberdinduko dira. Espazioari nagusitasuna gutxitzen zaio eta pareko izango dira pilotaria eta biak erlazio berri bat sortzeko.