Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantzan Bilaka '08

Dantzan Bilaka: Aurkezpena | Lanak | Egutegia

Koreografiak sortzeko prozesuak

Dantzan Bilaka - Portada

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Dantzaren aldeko hainbat proiektu sustatu ditu azken urteotan. Dantzan Bilaka, hain zuzen, koreografo berriei zuzendutako programa da. Haren bidez, koreografia-sorkuntzaren inguruko beren grinak landu eta erakutsi ahal izango dituzte.

Dantzan Bilaka programan parte hartzen duten sortzaileak urtero egin ohi den deialdia medio hautatuko dira. Deialdi horren bidez, dirulaguntzak eman ohi dira koreografian ikertzeko. Laguntza ekonomikoa emateaz gain, koreografoen sormen-prozesuen alderdi artistikoa eta teknikoa ere zaindu ohi dira.

DANTZAN BILAKA programa euskal sortzaileek elkarrizketarako duten esparrua da, non beren koreografiak sortzeko prozesu indibidualetan sor dakizkiekeen kezken gain hausnarketa egin ahal izango duten. Bilaka programaren bigarren edizioan, ondoko ekintza hauek gauzatu dira:

Sei hilabetez, lantalde batek bilerak egin ditu, baita jende ororentzako entseguak eta bestelako trukeak ere (irakurketak, bideo-emanaldiak, ...). Horiei guztiei esker, parte hartzaileen proiektuen garapenak aberatsagoak izan dira eta, ondorioz, beren erabaki propioak hartzen dituzten sortzaile nahiz egile bilakatu dira.

Ekainaren 25ean, 26an eta 27an IKUSMIRA: gorputzaren prozesuak eta diskurtsoak gaur egungo dantzan jardunaldiak egin ziren. Jardunaldi horiek Euskal Herriko Unibertsitatearen Arte eta Kultura topaldien parte izan dira. Euskal Herriko arte eszenikoen sektore guztiek hartu ahal izan dute parte, baita gorputzarekin lotutako sormen-prozesuen gain interesa duten pertsona orok ere.

Hiru egunez, hainbat hitzaldi eta mahai inguru izan ziren. Horiei esker, dantzaren munduan itzal handia duten hainbat profesionalek koreografia sortzeko orduan gertatu ohi diren hainbat auziren gaineko beren ikuspuntua partekatu ahal izan zuten bertaratutakoekin. Horrez gain, dantza-sorkuntzako prozesuaren gaineko hainbat ikuspuntu agertu ziren. Jardunaldi horietan, Dantzan Bilaka programan parte hartzen ari diren koreografoek Angels Margarit Kataluniako koreografoarekin nahiz Gustavo Ciriaco koreografo brasildarrarekin lan-saio indibidualak izan zituzten. Horrela, aipatu koreografoekin beren sorkuntza-prozesuei buruz aritzeko parada izan zuten.

Irailean proiektuen behar teknikoak aztertu ziren astebetez. Koreografoek teknikoki bikain jantzitako areto batean beren diseinuei (argi-diseinuari, soinu-diseinuari eta antzezte-diseinuari) lotutako hainbat ideia jarri ahal izan zituzten praktikan.

Azkenik, Dantzan Bilaka programaren bigarren edizioan parte hartu duten hamar koreografoen lanak ikusi ahal izango ditugu Euskadiko hiru hiriburuetako hainbat eszenatokitan.

Koreografoek modu desberdinean erakutsiko dute beren lana, baita desberdin bistaratu beren prozesuak eta tokian tokiko ingurura desberdin egokitu ere.

Hortaz, Dantzan Bilaka programaren bigarren edizio honetan aurkeztuko diren koreografia-lanak ikustera joaten direnei lanen aniztasuna ulertzeko prest egotea eskatuko diegu.

Dantzan Bilaka 08 programaren koordinatzaileak.


Gorputzaren diskurtsoak

Isabel de Naverán

Ikusmira topaketa izan zen iragan ekainaren bukaeran, Bilbon. Egungo dantzan gorputzak dituen prozesu eta diskurtsoak izan zituen aztergai

Ikusmira

Ikusmira udako Ikastaro gisa iragarri zen, Bilbao Arte eta Kultura unibertsitate-topaketen esparruan. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak urtero abian jarri ohi duen Dantzan Bilaka dirulaguntza-programaren adarra ere izan zen topaketa hori. Euskal Herriko artista gazteen lehenengo sorkuntza-lan koreografikoak bultzatzeko helburua du programak. Aurtengo edizioan, gainera, Idoia Zabaleta koreografoak parte hartu du Dantzan Bilakan. Artisten eta erakundeen arteko bitartekari izanda, barne-eztabaida suspertu, banakako lan-prozesuak bultzatu eta Udako Ikastaroak koordinatzeko zeregina izan du Zabaletak.

Ikusmirak hiru egun iraun zuen eta gaikako hiru bloketan egituratu zen:

  1. 1. Kode eta subjektibotasunen sorrera. Amparo Écijak, Ion Munduatek eta Sandra Cuestak parte hartu zuten horretan.
  2. 2. Gorputzaren mugak eta ahalmenak. Angels Margarit, Leire Ituarte eta Mikel Aristegi izan ziren parte-hartzaile.
  3. 3. Erreferentzien lekua sorkuntza-prozesuan: kultura-identitatea eta norberaren identitatea. Gustavo Ciríacok, Iker Gómezek eta María Ibarretxek jardun zuten.

Goizez, Bilboeszenak lagatako dokumentazio-gunean liburu argitaratu berriak aurkeztu ziren.

Artistak, teorialariak eta profesionalak aritu ziren eztabaidan, giro ireki batean. Oroz gain, egungo sorkuntza-lanen trukaketa eta haien gaineko eztabaida bideratzeko egitura gehiago sortu beharra dagoela azpimarratu zuten.

Egungo sorkuntza koreografikoa gero eta zabalagoa da, eta, besteak beste, agerian uzten du artista askok egoera iragankorrak, behin-behinekoak, eraiki nahi dituztela. Egoera horiek zerikusi handiagoa dute idazteko eta publikoarekin harreman zuzenak izateko ariketa batekin, mugitzen ari den gorputz birtuosoaren inguruan aldez aurretik pentsatutako edozein ideiarekin baino. Egungo gorputz-jardueraren trebetasuna, nolanahi ere, kodeak asmatzeko eta ikusleak hautemateko era berriak proposatzeko gaitasunean datza. Hori dela eta, gorputzen arteko komunikazio hori gauzatzeko moduak birformulatzeko premia dugu: Zer gorputz zer gizarterentzat? idatzi zuen Oscar Cornagok, bere liburu berria argitaratu zela-eta Ikusmiran gonbidatuta.

Gorputzaren etikak

Éticas del Cuerpo liburua (Fundamentos, 2008) aurkezteko ekitaldian Cornagok azaldu zuenez, haren ustez, ekintzak (dantzak, antzerkiak edo performanceak) bere autonomiaren mugak gainditu gabe ukitu ahal dituenean izango du potentzialtasuna. Teoriak eta praktikak, bata bestearen zerbitzuan egon beharrean, elkarrengandik nolabaiteko independentzia izan behar dutela azpimarratu zuen. Hortaz, zeregin kritikoaren helburua hauxe izango litzateke: praktikari buruz pentsatu ohi dugun modua baztertu eta praktikoki pentsatzeko era berriak topatzea.

Liburu horren helburua ez da arte-korronte berria sortzea, belaunaldiari edo estetikari lotutako mugimendu berri bat aldarrikatuz. Hori esatean bat etorriko dira Políticas de la palabra (Fundamentos, 2005) liburua irakurtzeko aukera izan dutenak, horrek ere ez baitzuen halako asmorik. Aitzitik, egilearen gogoetez osatutako saiakuntzak eta artisten beren ekarpenak biltzen ditu aurkeztutako liburuak.

Gaur egungo proposamen askotan nabariak dira norberaren etika eta lehen pertsonako jarduera. Horiek agerian utzi dituzte azken hamarkadetan izandako aldaketak, bai artean eta baita artea publikoarekin zein gizartearekin harremanetan jartzeko moduan ere. Cornagok, bere liburuan, alderdi politikoaz beste leku batean hausnartzea proposatzen du eta, Ulrich Beck eta Zygmunt Bauman soziologoak aipatuz, ekintza beste norbaitekin elkartzeko eta elkarren arteko espazio subjektiboak sortzeko jarduera bereziki sentikorra izatea eragiten duten alderdi metaforikoak ditu gogoetagai.

Beraz, Cornagok zer gorputz zer gizarterentzat? galdetzen duenean, honako hau pentsarazten digu: artistaren gorputza, gizarte baten osagai ez ezik, gizartearen produktua ere bada. Hortaz, inor ez da harrituko Sandra Cuestak, ikus-arteetan trebatuta, A long way back (2008) pieza berriko zenbait paisaiari lotutako eskulturak aipatu izanaz, edo Gustavo Ciriaco brasildar koreografiak, bere hitzaldian, Europako artearen historiaz jabetzeko eskubidea aldarrikatu izanaz, mendebaldeko teorialari eta programatzaileek brasildar gorputza esaten zaionetik espero dutenari aurre eginez.

Izan ere, mugak ez dira ezabatu, biderkatu egin dira, edo hobeto esanda, zabaldu. Horrela, proposamen horiek diziplinen edo kulturen mugaz alde batekoak edo bestekoak ote diren galdetzeak ez du zentzurik gaur egun; aitzitik, zehaztu gabe dauden bitarteko espazioetan kokatuta daudela onartu beharra dago. Ildo horretan, esan genezake koreografia gorputzaren idazkera bat dela, denbora eta espazio jakin batean gauzatua. Eta testua zuzenean eraikitzea, hedatzen ari den ehun batekin konparatu daitekeena, subjektibotasunak sortzea helburu duen bidaia egiteko gonbidapena dela.

Horrelako egoera iragankorretan, artistaren eta publikoaren artean ezarritako kontratu-harremanak bataren gorputzak besteari eragiteko aukera irekitzen du. Beraz, gorputz-jarduerak honako hau proposatzen du: gorputz-gramatika bat eraikitzea.

Pieza kaskarra da oso, baina prozesua aparta izan zen.

Porrot egin duenaren fikziozko kontzientziatik abiaturik, prozesuan arakatu gura dut. Zer da? Zergatik aldarrikatzen dugu? Zer asmo bihurriri erantzuten dio antzerkiaren munduko gure jargoi honetan? Prozesuak ez du lekukorik utzi; halere, izengabeak masan erakartzen ditu piezak. Prozesua (denbora zati bi) batek daki zer kontatzeko desioa eta nola egin jakitearen zalantza da, baliabide publikoak xahutzen dituztenen, itxaropen pribatu eta kulturalak gordailatzen dituztenen, oztopo-lasterketa nekagarrietako lehiakideen eta erresistentziazko entzute ñimiño bat lortzen saiatzen diren artisten defentsa. Kiloko hainbestean, piezak garestiak dira gaur egun, bai sasoiko legatza, bai denboraren inguruko dantza, bai bere prozesu sonatuari erauzi zaion eszena. Labirintua aipatutakoan, programan finkatutako orduan azaltzen da piztia sakrifizioan. Orduan, sortzailea agertokian azaltzen da, turuta garaikide artean, eta kasuan kasukoa erakusten du: antzerkian antzezlana, dantzan koreografia eta bestelako arte ezagutezinetan gauza; sortzaileak gauza erakusten du. Arrapaladan (edo ez) itzulipurdiak eginez, lexikoa nahiz euren burua maite dutenentzat ezagun diren hiztegietan txertatzea zailago nahiz errazago duten elementuak agertzen dira: mutis eta salbe luze-laburrak argiak bailiran eta tunel sakon-sakona. Azkenean, prozesuaren irteera agertzen da, estreinaldiaren lorratzetan edo haien errepliketan. Hori da, hori, errito horrekiko obsesioa! Eta, gero? Orduan ere prozesua, baina digeritzekoa, dena delakoari buruz mintzatu, hausnartu eta idaztekoa, inolako zigilurik gabe, igorlerik gabe, helbiderik gabe, hartu-agiririk gabe eta behar bezala libratu gabe; izan ere, ikusleek ez baitute bizi ahal izan... prozesua. Arrakastak aitona-amona ugari ditu, eta porrotaren ama igarlea da. Igarkizuna. Gaur zati bitxi horiek ikustera ekarri zaituen ordua zure ikusle-prozesua izan da, bitsari begira aspertu behar zuenarena. Sortze-prozesua, berriz, helburu jakin batez irrikak trukatzen dituen giza talde anitzarena. Baina, helburu hori non da? Nola antzematen da? Zer da? Prozesatuak bere oroitzapen meherako gordeko duena da prozesua, arratsaldeko zortzietarako prest izateko denbora ematen ez digun jakingura. Prozesua barruan egoten da, penak bezalaxe. Prozesua zaldi zuria da, ez baita ezer ulertuko, eta ikustea espero duzuna ez dizugulako emango. Prozesua totema moztea da, kontatu ahal izatearen erantzukizuna. Prozesua estudioa da eta pieza Madagaskarreko hiriburua. Prozesua laburpenean sakrifikatzen da, eguzkitan. Prozesua gaur dirua eskatu eta korridorean zain geratzea da. Prozesua norbere burua dokumentatzea edo iragazki baten izpia sekula ikusiko ez duten osotasunaren beste zati hobe batzuk norberak birsortzea da. Prozesuak ilargiak eta senitartekoak ditu, eta bere emaitza hodeitsua iragartzen du. Prozesua ez da piezan kabitzen, nahiz eta zu gainean eseri. Ikusitakoa egin zeneko tartea da prozesua, eta haren koskez artea apaintzen da curriculum vitaerako. Zapuztutako prozesu batzuk hain dira eskasak, ezen soroan, albisterik gabe, sakabanatutako tornadoak baitirudite. Helmugetara lehen minutuan bertan heltzea da prozesua, eta hurrengoari uko egitea pieza, izan ere, prozesuak ordaintzerik ez duen zor bati erantzun behar dio piezak. Zirrikitu hutsalez bereizitako kristalak banan-banan haustea da prozesua. Burutxo batean baino ez da hasten, eta, gero, birusa bailitzan hedatzen da. Gerarazi nahi duzunerako, beranduegi izaten da, eta gune bat aukeratu behar izaten duzu, edo argazki bat bidali, edo falta zaizun hanka bilatu. Halaxe da, epeak errespetatzea, gainetik bada ere. Prozesua toki oso zehatz batean galtzea da, eta, azken finean eta bereziki, paragrafo honetan falta dena, isiltasuna. Eta, egun batean, hidra lehen entsegura joango da, prozesu-sortzailearen lehen hitzaldi edo lan-proposamenera, eta, guztiz aseta, gizendu egingo da, eta buru bat bera ere ez da ikuskizunera joango. Bien bitartean, Dantzak letra larriz dantzari buruzko ezagupenen batura izaten jarraituko du, nahiz eta dantzan, berez, gorputzek baino ez duten egiten.

Gabriel Ocina


Dantzan Bilakarekin hitzorduak

Euskal koreografiaren sorkuntza-prozesuetan interesaturik dagoen publikoarekin gero eta elkarrizketa zabalagoa irekitzea du helburu Bilaka programak. Helburu horrekin, oraingo edizioan, urrian zehar izango diren emanaldiez gain, bestelako hitzorduak ere antolatu dira programa horren esparruan.

Hala, ekainaren 24tik 26ra bitartean, egungo dantzan gorputzak dituen prozesu eta diskurtsoak aztertzeko IKUSMIRA jardunaldiak antolatu ziren Bilboko Espainiako Bankuaren egoitzan, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte eta Kultura Topaketekin elkarlanean.

Azaroaren 8an, berriz, Dantzan Bilakaren edizio honetan parte hartu duten koreografoekin elkartu eta hitz egiteko jardunaldi irekia izango da Bilboko Muelle 3 elkartean.