Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Argitalpen-data: 2014/03/26

Eusko Jaurlaritzak Kultura Auzolanean 2014-2015 aurkeztu du, lanerako marko berria kultura eremuan.

Kulturaren alorrerako aipatu bi urteetarako plangintza estrategikoa jasotzen duen dokumentua

Erakundeen arteko kontsentsuaren emaitza, proposamenak lehentasunezko 20 kultur proiektu zehatz jasotzen ditu, egin beharreko esku-hartzeak eta aurreikusitako emaitzak zehaztuz

Kultur eragileen eta herritarren proposamenak jasotzeko irekia dago dokumentua, www.kulturaauzolanean.net atarian zintzilik

Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Kultura Auzolanean 2014-2015 proposamena aurkeztu duBilbon, kulturaren alorrerako aipatu bi urteetarako plangintza estrategikoa jasotzen duen dokumentua, eta erakundeen arteko akordiotik sortua. Dokumentu labur eta eraginkorra da, kontsentsuan, berdintasunean eta euskal administrazioen arteko lan partekatuan oinarritua, Euskadiko kultur eremua kudeatzeko ezinbesteko diren elementuetan oinarritua, beraz. Eragile publiko nahiz pribatuen artean euskal kulturaren ikuspegi estrategikoa, jarraitu beharreko irizpideak eta lehentasunak adosteko tresna izateko bokazioz jaio da Kultura Auzolanean 2014-2015.

Hedabideen aurreko aurkezpenean, plan honek dakarren berezitasuna nabarmendu du sailburuordeak: “Kultura Auzolanean proposamenak badu berezitasun bat: gai kopuru mugatu bati heltzen dio, ikuspegi errealista eta pragmatikoa lehenetsiz, aurten bertan aurrerapauso nabarmenak lortzeko helburuz. Erakunde arteko eta sektore arteko koordinazioari zentzu berria ematen dio, eta horrela, ahalegin partekatu honek begien bistako emaitza ukigarriak lortzen ditu. Erakunde guztien arteko koordinazioa eta elkarlana sekula baino beharrezkoagoa da gaur”, gehitu du. Joxean Muñozen esanetan, Jaurlaritzaren lidergoarekin burutu den proiektu honek “jarraipena ematen dio garai bateko Kulturaren Euskal Planari, eta ondorengo Kulturaren aldeko Herritartasun Kontratuari”.

Dokumentua prestatu eta adosteko prozesuan parte hartu duen Erakunde arteko Batzordea, honako erakundeok osatu dute: Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bitartez; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek; hiriburuetako Udalek (Gasteiz, Donostia eta Bilbo) eta EUDELek. Elkarlan horren adierazle, aurkezpen ekitaldian erakunde horietako ordezkariak ere izan dira.

Kultura Auzolanean dokumentuaren helburuen artean daude, erakundeen arteko harremanak indartzea maila guztietan; sinergiak eragiten dituzten ekimenak dinamizatzea, sektore artekoak nahiz zeharkakoak; euskarazko edukiak eta zerbitzuak indartzeari lehentasunezko tratua ematen zaiola bermatzea; krisialdiari aurre egitea kultura-sektoreei lagunduta; genero-berdintasuna, gizarte-integrazioa eta kultura-aniztasuna kulturaren eremuan txertatzea, eta azkenik, kultura-zerbitzuetan eskaintza hobetzea.

Azken finean, Muñoz sailburuordeak azaldu duen eran, lanerako marko partekatu bat sortu da elkarlanean, kulturak dituen beharren aurrean sentikorra, eta egungo aurrekontuen errealitatera egokitua. Lanerako marko posiblea eta moldagarria, administrazioen eta kultura-sektoreen arteko elkarrizketa eta alderaketatik eraikia.

Proiektuak

Kultura Auzolanean proiektukako funtzionamenduan oinarritzen da, eta 2014-2015 urteen artean garatu beharreko 20 proiektu aurreikusten ditu dokumentuak. Proiektu horiek osatzen duten esparruan esku-hartzerako orduan, maxima bat nagusitzen da: proiektuak abiatu eta praktikara elkarlanean eramatea. Proiektu horietarik zortzi kulturaren sustapenaren ingurukoak dira; sei kultur ondarearen arlokoak, eta azken seiak berriz, zeharkako proiektuak. Guztiek, plangintza estrategiko eta partekatu baten irizpideei erantzuten diete.

Aldi berean, Kultura Auzolanean dokumentuaren plan operatiboak bi multzotan sailkatzen ditu proiektu guztiak. Lehen blokean, lehenetsi diren hamar proiektuak daude, hau da, 2014an hasteko lehenetsi diren eta urte berean lehen emaitzak eman behar dituzten proiektuak. Bigarrenean berriz, gainerako hamarrak, 2014an heldu behar zaien eta aurreikuspenen arabera emaitzak 2015ean izan behar dituztenak. Dokumentuak proiektu horietako bakoitzaren helburuak jasotzen ditu, garatu beharreko esku-hartzeak, aurreikusitako emaitzak (2014an edo 2015ean, proiektuaren arabera), bai eta espero den produktu mota ere.

Proposamenak jasotzeko irekia

Kultura Auzolanean proposamenak jasotzeko irekia dago oraindik, bai kultura-eragileengandik, bai herritarrengandik ere. Hain zuzen ere, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila dagoeneko hasita dago kultura-sektoreetako elkarteekin bilerak izaten, dokumentua azaltzeko. Era beran, parte hartzea errazteko eta irekitzeko, Kultura Auzolanean zintzilik dago Interneten, www.kulturaauzolanean.net atarian. Dokumentua bera eta proiektuak kontsultatu daitezke bertan, eta ekarpenak egin. Ekarpenak eta proposamenak egiteko epea hilabetekoa izango da, apirilaren 28ra arte.

Jasotako ekarpenekin, Kultura Auzolanean 2014-2015 proposamen berria osatuko da, eta Kulturaren Euskal Kontseilura (KEK) eramango, bertan kontrastatu eta onartzeko. Maiatzaren amaieran izango da KEK-ren 2014ko lehen lan bilera, dokumentua onartu eta berau martxan nola jarri aztertuko duena.

Kultura Auzolanean 2013ko uztailean abiatu zen. Erakunde arteko Batzordera eraman zen lehen dokumentua, administrazioen artean eztabaidatzeko (2013ko urria eta abendu artean burututako bi bileratan). Aurtengo martxoan, behin betiko testua onartu du Erakunde arteko Batzordeak, eta 2014 eta 2015erako jasotzen dituen 20 proiektuei ekiteko modua zehaztu du. Dokumentua osatzeko, kontuan izan da orain arte Euskadin kultura-planifikaziorako izan diren prozesuak, batez ere Kulturaren Euskal Planean eta Kulturaren aldeko Herritartasun Kontratuan garatutakoak.

Proiektuen zerrenda:

Zeharkako proiektuak

1-Kulturaren Euskal Behatokia indartzea, jakintza - erreferente den aldetik. (B.I)
2- Sorkuntza Fabrikak programaren bideragarritasuna, optimizazioa eta garapena. (B.I)
3-Politika fiskalak aztertzea kulturaren esparruan (B.II)
4-Eredu eta finantzabideen azterketa eta eskaintza (laguntzen eta diru-laguntzen mapa orokorra barne) (B.I)
5-Kulturklik proiektuaren (euskal kulturaren atari interaktiboa) garapena (B.I)
6-Kultura-ohiturak eta kultura-kontsumoa sustatzeko proiektua (B.I)

Kulturaren Sustapena

7-Euskal artearen emanaldiak, komunikazioa eta zabalkunderako bidek hobetzea (B.II)
8-Teknologia eta formatu berriak ikus-entzunezkoen arloan, negozio-eredu berriak. Zinema euskaraz. (B.II)
9-Dantza tradizionalaren artxiboa garatzea (B.II)
10-Dantza Etxeak (B.II)
11-Digitalizatzea eta eskubideen kudeaketa. (B.II)
12-Musikaren Bulegoa sortzea (B.I)
13-Antzerkiaren esparruan diru-laguntzen mapa berri bat lantzea (B.I)
14-SAREA ereduari buruzko hausnarketa estrategikoa eta egungo egoerara egokitzea (B.II)

Kultura Ondarea

15-Dokumentu Publikoei eta Artxiboei buruzko Legea (B.I)
16-Euskal Liburutegi Digitala edo elektronikoa. On-line mailegu-plataforma garatzea. (B.I)
17-Euskadiko irakurketa publikoko sarea osatzea (B.I)
18-Museoen Sarea, zerbitzuak partekatzeko eta lankidetza sustatzeko (B.II)
19-Kultura Ondareari buruzko Legea berritzea (B.II)
20-Ondare Ez-materiala Babesteko Plana (inbentarioa). Ondare etnografikoa. (B.II)

(B.I) I.Blokea: 2014an heldu behar zaien eta aurreikuspenen arabera emaitzak 2014an izango dituzten proiektuak.
(B.II) II.Blokea: 2014an heldu behar zaien eta aurreikuspenen arabera emaitzak 2015ean izango dituzten proiektuak