Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2004ko Gure Artea Sariak




SORTZAILEEN AHOTSA

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 1982an ekin zion sari hauek antolatzeari, arte plastikoetan gure herrian egiten dena ezagutzera emateko asmoz eta horrekin batera arte sortzaileak eta artelanak publiko zabalari hurbiltzeko. GURE ARTEA Sarien bitartez artisten lana eragin eta sustatu nahi dugu eta sortzailea eta gizartearen bitarteko zubi lana egin. Arte garaikidea harreman horretatik elikatzen eta sortzen baita.

Gure Artea 2004 sariak eta erakusketak, lehen eskutik eta zuzenean, arte plastikoen alorrean gertatzen dena ezagutzeko parada eskaintzen digu. Sorkuntza eta berrikuntza handiko unean, arte plastikoetako sortzaileak eta beraien lanak ditugu ikusmiran eta hauen bitartez egungo artea ezagutu eta etorkizuneko bilakaerak igarri ahal izango ditugu.

Arte munduan bide eta esperientzi berriak irekitzen ari diren garaian, Gure Arteak Euskal Herrian lanean ari diren artisten sorkuntza jarri nahi du ikusgai. Gori-gorian den artean sortzaileen sutegietatik atera berria. Hau baita egungo arte garaikidea eta hauek baitira gaur egungo artistak. Horra hor arte sorkuntzari eta sortzaileei egiten diogun aitorpena.

Gurean sortutako artearen ikusmira zabala eskaintzen zaizue. Artea askotarikoa da eta aniztasun horrek dakarren oparotasuna zuen begi aurrean da. Hemen ikusi eta dastatuko dituzue gure sortzaileen proposamenak. Hona hemen Gure Artea 2004 erakusketa.