Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Azken eguneratzea: 2009/06/11
Eusko Jaurlaritzaren eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko Diru-laguntzen ebazpenaren aurkezpena
Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2009. urtean euskararen alorrean diharduten eragileen sustatzeko hartu erabakiak. 2009. urteko lankidetzarako fondoa.

Atzo, ekainaren 10ean, Blanca Urgellek, Kultura Sailburuak, Eusko Jaurlaritzaren eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko Diru-laguntzen ebazpena aurkeztu zuen, Baionan.

2007an sinatu zen Hitzarmen-markoaren bitartez Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea agertu zuten eta erakunde mailako harreman iraunkorrak ezartzeko eta garatzeko bideak finkatu ziren.

Hitzarmen honen helburuetatik bat da bi partaideek eraturiko lankidetza fondo bat sortzea, Ipar Euskal Herriko eragileen hizkuntza jardueren proiektuak sostengatzeko. Hitzarmenean finkatutakoaren arabera, urtez urte adostu dira Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean gauzatuko ziren programa zehatzak.

Aurten, sinatutako hitzarmenak Ipar Euskal Herriko eragileek aurkezturiko egitasmoak laguntzeko oinarriak ezartzeaz gain, erakunde biok elkarlanean garatzen ari garen bestelako egitasmoak ere jasotzen ditu: terminologia eta toponimiaren alorrean lankidetza garatzea eta helduen euskalduntze-alfabetatzearen arloanEuskararen Erakunde Publikoak abian jarri nahi duen egiaztatze sistema Euskal Autonomia Erkidegoko sistemarekin baliokide gertatzeko moduak lantzea, besteak beste.

Egitasmo hauek guztiak garatzeko erakunde bietako talde teknikoen arteko harremanak abian dira; informazioa trukatzeko zenbait saio izan da eta, beraz, elkarlanerako oinarriak zehaztu dira.

Hitzarmena 2007-2010 bitartean izango da indarrean, baina Eusko Jaurlaritzaren aldetik akordioari aurrerantzean ere jarraipena emateko asmo sendoa dugu, euskararentzat eta gure herritarrentzat elkarren arteko lankidetza ezinbestekoa delako uste osoan baikaude.

- Sailburuaren hitzak(pdf, 89 Kb)

- Prentsa-oharra(pdf, 135 Kb)

Baiona, 2009ko ekainaren 10a

Euskadi, auzolana