Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azken eguneratzea: 2012/09/27

Kulturklik, euskal kulturaren ataria, berritu egin da

Diseinu berria eta bere funtzionalitateen ugaritzea eta hobekuntza dira aldaketarik garrantzitsuenetako batzuk

Sortzaileentzat, kultur industrientzat eta erabiltzaileentzat gune komun bat sortzeko bultzada berri bat ematea. Horixe da Kulturklikek, Euskal Kulturaren Gune Elkarreragileak, bilatzen duena, orain hiru urte proiektua martxan jarri zenean hasitako lehen fasearen ondotik.

Euskal Herriko kulturgintzaren ezinbesteko erreferentzia bihurtuta, azken hilabeteetan proiektuaren barruan aldaketak egiteko prozesua hasi da, egungo testuinguruak eskatzen dituen beharrizanei erantzun ahal izateko. Horretarako, diseinu bisualagoari eta intuitiboagoari, dagoeneko martxan dauden beste hobekuntza batzuk gehitu zaizkio (Kultur Baliabideen Direktorioa, kultur jardueren informazioa iCalendar-era jaisteko aukera, Agendako ekitaldien API-a, atal berriak sortzea, edukiak areagotzea…), hori guztia webgune erakargarriagoa, pertsonalizatuagoa eta era guztietako erabiltzaileentzat erabilerrazagoa lortzeko.

Beraz, mota honetako plataforma baten sorreran (aukera hori aurreko etapetatik pentsatuta zegoen) jauzi kualitatiboa eman da orain. Euskadin egiten den kultur aktibitate guztia bistaratzea, ezagutaraztea eta proiektatzea da Kulturkliken jarduera gidatzen duena, beste errealitate batzuekin konektatzeko beharrarekin batera. Horretarako, fase berri honetan gune honek ahalegin berezia egingo du alor hauetan:

1.- Informazioaren sailkapen eta kategorizazio hobea.

2.- Informazio-iturriak gehitzea.

3.- Kultur sektore ezberdinekin harremanak ugaritzea eta sakontzea, lankidetzarako esparru eta sinergia berriak lortzeko.

Diseinu berrian, Kulturklikek lau informazio atalak mantentzen ditu, baina orain izen argiagoekin aurkezten ditu, agendaren eta albisteen kasuan izan ezik, bi horiek berdin mantentzen baitira (Agenda eta Albisteak). Aldiz, Edukiak atala Sorkuntzak deituko da aurrerantzean, eta lehengo Ezagutza atalak Informazio Profesionala izena hartuko du. Erabiltzaile espezializatuagoentzako informazioak jasotzen dituen azken atal hori, gainera, zazpi eremu ezberdinetan sailkatuta agertuko da (Diru-laguntzak, Kultur Kudeaketa, Argitalpenak, Programak, Txostenak, Estatistikak eta Legeria).