Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azken eguneratzea: 2011/10/21

Bibliotekak, tolerantzia eta kultur integraziorako elkargune

Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuorde Antonio Riverak, Irungo kultura-ordezkari Belén Sierrarekin batera, Biblioteken Nazioarteko Eguna dela-eta Euskadiko hamar liburutegi publikotan egingo den kanpaina aurkeztu dute. ‘Munduko paisaiak-Paisajes del mundo’ kanpainaren helburua da etorkinen kolektiboari euren kulturari atxikitzen laguntzea, bai eta erabiltzaile guztiek ikas dezaten beste kultura batzuekin elkarbizitzen eta era natural batean baloratu ditzaten.

Tolerantzia eta kultur integrazioa bultzatzeko asmoz, "Liburutegiak topaleku” izeneko kanpaina jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2008. urtean. Geroago, etorkinen artean liburutegi publikoen erabilera areagotzeko kanpaina orokor horren ondorioz, “Munduko Paisaiak” izeneko azpiprograma bat sortu zen, non urtero hainbat jarduera egiten diren kulturartekotasunaren sustapenari begira, hau da, bertako herritarrek beste kultura batzuk ezagut ditzaten eta, orobat, etorkinek bizi diren herrialdeko kultura ezagut dezaten.

Rivera sailburuordearen ustez, Euskadiko liburutegi publikoak beren zerbitzuak egokitzen ari dira gure gizarte aldakor eta multikultural honen beharretara. Gaur egun Euskadiko liburutegietara gerturatzen diren herritarren zati bat herrialde ezberdinetatik etorritako kolektiboetako partaideak dira, hots, hizkuntza eta kultura ezberdinak dituzten herritarrak. Kultur aldaketok gogoan, Euskadiko liburutegi publikoek tolerantzia eta kultur integrazioa bultzatzen dituen programa hau jarri dute martxan.

Kanpaina antolatzeko eta diseinatzeko, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi publikoez osaturiko lantalde bat sortu zen. Liburutegi Zerbitzuak koordinatzen du lantaldea, baina liburutegi publikoetako profesionalak berak dira erabakitzen dutenak zer liburu erosi, nola prestatu gero liburutegiko erabiltzaileen artean banatzen diren gidak, eta beste herrialdeetako kulturaren berri emateko zer jarduera egin. Aurten, zehazki, Mali, Txina eta Kolonbiako gidak editatu dira.

Gainera, programan parte hartzen duten liburutegiek bideo berezi bat egin dute, zeinean hainbat etorkinek kontatzen duten zer zerbitzu eskaintzen dizkieten liburutegi publikoek eta zein diren haiek gehien erabiltzen dituzten zerbitzuak. Liburutegi publikoak, izan ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoan elkarrekin bizi diren kulturen arteko integraziogune bihurtu dira. Bideoak errealitate berri hori erakusten du, hain zuzen, zenbait liburutegitako erabiltzaile eta profesionalen eskutik.

Bideoa baliagarria izan daiteke, bestalde, liburutegietako bisita gidatuetan edo eskoletan erabiltzeko, zeren, azken batean, tolerantzia eta kulturartekotasuna ez ezik, liburutegietako zerbitzuen erabilera ere bultzatzen baitu, eta kanpainaren helburua indartzen du, hau da, liburutegia elkargune gisa.

Bideoa hemen ikus daiteke: