Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Profesionalentzako baliabide interesgarriak
Liburutegi Publikoari buruzko UNESCOren Manifestua. 1972
Unesco eta liburutegi publikoak
  1. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea bakea eta ongizate espirituala sustatzeko sortu zen, gizonezko eta emakumezkoen adimenean jardunez.
  2. Manifestu honek Unescok liburutegi publikoan duen konfiantza aldarrikatzen du irakaskuntzaren, kulturaren eta informazioaren zerbitzura dagoen indar bizi gisa, eta bakea sustatzeko eta gizakiek eta nazioek elkar aditzeko ezinbesteko tresna gisa.Liburutegi publikoa
Irakaskuntzarako, kulturarako eta informaziorako erakunde demokratikoa
  • Liburutegi publikoa demokraziak gu guztion hezkuntzan, bizitzan osoan zehar luzatzen den prozesu gisa, eta Gizadiak jakintzaren eta kulturaren arloan izan dituen lorpenak aintzat hartzean duen fedearen froga praktikoa da.
  • Liburutegi publikoa, jende orori, gizakiaren ideia eta ezaguera guztietara eta haren irudimen sortzailearen adierazpenetarako sarbide askea emateko bitartekorik garrantzitsuena da.
  • Liburutegi publikoaren zeregina gizakiaren espiritua berritzean -entretenimendurako eta olgetarako liburuak eskainiz-, ikasleari laguntzean eta azken-azkeneko informazio teknikoa, zientifikoa eta soziologikoa eskaintzean datza.
  • Liburutegi publikoa lege-xedapen zehatzen arabera sortu beharko litzateke eta herrialde bateko biztanle guztiek liburutegiaren zerbitzuez gozatzeko moduan egituratu. Ezinbestekoa da liburutegiak euren artean lankidetzan aritzea nazio-baliabide guztiak bete-betean erabili ahal izan daitezen eta edozein irakurleren eskura jarrita.
  • Diru publikoz soilik mantendu beharko litzateke eta ez lioke inori ordainketarik eskatu behar zerbitzuen truke. (Ikus 1.13, 1.33-35, 5-4).
  • Bere helburuak erabat betetzeko, liburutegi publikoak sarbide errazekoa izan behar du eta bere ateak irekita egon behar dute askatasun osoz eta baldintza berean erabil ditzaten komunitateko kide guztiek, arraza, kolore, herritartasun, adin, sexu, erlijio, hizkuntza, gizarte-egoera edota hezkuntza-mailako bereizketarik egin gabe.
Funtsak eta zerbitzuak
  • Liburutegi publikoak garaian garaiko erritmoari jarraitzeko, etengabe ikasten jarraitzeko eta zientzien eta letren aurrerapenen berri izateko aukera eskaini behar die helduei eta haurrei.
  • Era erakargarrian aurkezturik eta etengabe eguneraturik, liburutegiaren funtsak jakintzaren eta kulturaren bilakaeraren froga bizia izan beharko luke. Horrela, bere iritzi propioak eratzen, bere sormen-gaitasuna garatzen eta gaitasun kritikoa izaten lagunduko lioke jendeari. Liburutegi publikoak ezaguerak eta ideiak helarazi behar dizkie irakurleei, haien adierazpidea edozein izanik ere.
  • Hitz inprimatua, orain dela hainbat mendetatik, jakinduria, ideiak eta informazioa zabaltzeko mundu osoak onartutako tresna denez, liburuak, aldizkariak eta egunkariak dira oraindik ere liburutegi publikoetako funtsik garrantzitsuenak.
  • Baina zientziak informaziorako euskarri-era berriak sortu ditu eta horiek leku bat izango dute, egunetik egunera garrantzitsuagoa, liburutegi publikoetako funtsetan. Euskarri berri horiek tamaina txikiko formatuan erreproduzitutako lanak biltzen dituzte, euren biltegiratzea eta garraioa errazten dutenak (filmak, diapositibak, diskoak, audio-zintak, bideo-zintak helduentzat eta haurrentzat), eta, era berean, beharrezko den tresneria pertsona batek erabil ditzan eta kultura-jardueretan balia daitezen.
  • Bilduma osoak gai guztiei buruzko materiala jaso beharko luke gustu guztiak asebetetzeko, hezkuntza eta kultura maila ezberdinetan.
  • Komunitate jakin batean hitz egiten diren hizkuntza guztiek agertu beharko lukete bertan, eta mundu-mailan garrantzi handia duten liburuak jatorrizko hizkuntzan eduki beharko lituzke.
  • Liburutegi publikoaren eraikinak hiri-erdigunean kokaturik egon behar du, ezintasun fisikoak dituzten pertsonentzat sarbide erosoa izan behar du eta bezeroei komeni zaien orduetan irekita egon. Eraikinak eta altzariek itxura atsegina eta erosoa izan beharko lukete eta behar-beharrezkoa da irakurleek apalategietara sarbide librea izatea (Ikus 4.8).
  • Liburutegi publikoa, berez, antzeko interesak dituzten pertsonak biltzen diren komunitatearen gune naturala da. Beraz, helduentzako nahiz haurrentzako erakusketak, eztabaidak, hitzaldiak, musika-entzunaldiak eta proiekzio zinematografikoak antolatzeko beharrezko diren material eta gelak izan beharko lituzke.
  • Nekazaritza guneetan eta aldirietan liburutegi sukurtsalek eta liburutegi ibiltariek egon beharko lukete.
  • Funtsak eratzeko eta antolatzeko eta irakurleei arreta eskaintzeko, behar-beharrezkoa da liburutegiek behar adinako langile kopurua izatea eta, gainera, langile gaituak eta adituak izatea. Langile horiek prestakuntza berezia beharko dute hainbat eginkizun betetzeko, esate baterako, haurrei eta ezinduei zerbitzu bereziak eskaintzeko, ikus-entzunezko materiala erabiltzeko eta kultura-jarduerak antolatzeko.
Haurrak liburutegian
  • Liburuak irakurtzeko zaletasuna eta liburutegiak eta bertako baliabideak erabiltzeko ohitura errazago lortzen dira haurtzaroan. Horregatik, liburutegi publikoa behartuta dago haurrei, askatasun osoz eta banan-banan, liburuak eta beste hainbat material hautatzeko aukera eskaintzera. Bilduma bereziak eskaini behar zaizkie, eta ahal baldin bada, baita tokian tokiko bilduma independenteak ere. Horrela, haurrentzako liburutegia bizitzaz betetako bilgunea eta leku sustagarria izan daiteke eurentzat, eta bertan garatzen diren hainbat eta hainbat jarduera kultura-inspirazioaren iturri izango dira. (Ikus 4.11).
Ikasleak liburutegian
  • LAdin guztietako ikasleek liburutegi publikoa erabiltzeko aukera izan behar dute ikastetxeek eskaintzen dizkieten baliabideak osatzeko. Bakarka ikasten duten pertsonak, batzuetan, liburutegi publikoen mendeko izaten dira euren liburu eta informazio beharrak asetzeko.
Irakurle ezindua
  • Adinekoen eta ezindu guztien ongizateak gero eta kezka handiagoa eragiten du. Liburutegi publikoak era askotara arin ditzake era guztietako adimen-urritasunak, ezintasun fisikoak edota bakardade-arazoak. (Ikus 1.59-72).
  • Aretoetarako sarbide egokiagoa, irakurketarako osagarri mekanikoak, neurri handiko karakteretan idatzitako lanak edota magnetofono-zintetan grabatutakoak eskaintzea, liburuak ospitaletan eta hospizioetan banatzea eta etxez etxe banatzea, liburutegi publikoak bere zerbitzuak gehien behar dituenari eskaintzeko beste hainbat modu dira.
Liburutegi publikoa komunitatean
  • Liburutegi publikoak eraginkorra eta konstruktiboa izan behar luke bere metodoetan, bere zerbitzuen balioa azalduz eta jendeak erabiltzea bultzatuz.
  • Hezkuntzako, gizarteko eta kulturako beste erakunde batzuekin aritu beharko luke lankidetzan, esate baterako, eskolekin, helduen hezkuntza-taldeekin, olgetarako jarduerak antolatzen dituzten taldeekin, eta artea bultzatzen duten erakundeekin.
  • Erne egon beharko luke komunitatean sortzen diren beharrizan eta interes berrien aurrean: besteak beste, nolakotasun bereziko liburuak behar dituzten irakurle berriak, edota nolabaiteko bilakaera olgetarako jarduerak ulertzeko eran, horrelakoak
Azken eguneratzea: 2013/02/05