Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Profesionalentzako baliabide interesgarriak
Liburutegi Publikoari buruzko UNESCOren Manifestua. 1949
Liburutegi publikoa, herri-hezkuntzaren zerbitzura dagoen indar bizia

Unesco eta liburutegi publikoak

Unesco -Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea - berrogeita sei herrialderen borondateari esker sortu da. Unescoren helburua bakearen eta aurrerapen sozial eta espiritualaren alde lan egitea da, eta horretarako gizakien espiritua lantzen du. Unescoren sortze-indarra nazioarteko espirituarena eta jakintzarena da.

Manifestu honek, LPak izan dezakeen zeregina azaltzen baitu, Unescok horretan duen konfiantza aldarrikatzen du, herri-hezkuntzaren eta garapenaren, nazioarteko elkar ulertzearen eta, hortaz, bakearen zerbitzura dagoen indar bizia baita.

Liburutegi publikoa

Liburutegi publikoa irakaskuntzako erakunde demokratiko gisa

LPak, gaur egungo demokraziatik sortua, demokraziak bizitzaren adin guztietako hezkuntzan duen fedea agertzen du.

Nahiz eta bere helbururik behinena helduen hezkuntza ziurtatzea izan, LPak eskolaren zereginaren osagarri ere izan behar du, eta horretarako haurren eta gazteen irakurketarako zaletasuna bultzatu beharko du, liburuez gozatzeko eta liburuetatik onura ateratzeko gai izango diren gizaki helduak sortzeko. Herriak eta herriarentzat administratutako erakunde demokratikoa denez, LPak:

  • legegintza-testu zehatzen arabera eratu eta jardun beharko du
  • bere osotasunean edota zatirik handienean altxor publikoak finantzaturik egon beharko du
  • doakoa izan beharko du eta elkarteko kide guztientzat maila berean irekita egon, euren ofizioa, erlijioa, klasea edota arraza edozein izanik ere.
Zer eskaini behar duen liburutegi publikoak

LP batean ideien hedapenerako tresna guztiak aurkitu behar dira: liburuak, liburuxkak, aldizkariak, egunkariak, mapak, grabatuak, filmak, musika-partiturak eta diskoak, eta baita horiek guztiak erabiltzeko argibideak ere.

LPak honako aukera eta desira hauek eskaini beharko dizkie haurrei, gazteei, gizonezkoei eta emakumezkoei:

  • ikasteari inoiz ez uztekoa
  • jakintzaren arlo guztietan aurrerapenaren berri izatekoa
  • adierazpen-askatasuna babestekoa eta gai publikoei buruz espiritu kritikoa eta konstruktiboa izatekoa
  • norberaren herrialdeko eta munduko zeregin sozialak eta politikoak hobeto betetzekoa
  • bere eguneroko zereginak hobeto betetzekoa
  • literaturaren eta artearen arloko norberaren gaitasun kritikoak eta sormenekoak garatzekoa
  • jakintzaren aurrerapenari laguntzekoa
  • aisialdia norberarentzat eta gizartearentzat onuragarria izango den eran erabiltzekoa
Liburutegi publikoa komunitatearen zerbitzura dagoen indar bizi gisa

LPak aktiboa eta konstruktiboa izan beharko du bere metodoetan, eta zeregin guztiz dinamikoa bete beharko du komunitatearen bizitzan.

Ez die irakurleei zer pentsatu behar duten adierazi behar, baizik eta zer pentsatu erabakitzen lagundu behar die. Komenigarria da arazo garrantzitsuei dagokienez jendearen arreta erakartzea, erakusketak, bibliografia, eztabaidak, hitzaldiak, ikastaroak edo filmak erabiliz horretarako, eta, aldi berean, arazo horiek buruzko irakurketak bideratuz.

Jendea gehiago irakurtzera bultzatu behar da eta liburutegiari publizitate etengabea eta metodikoa ziurtatu behar zaio.

LPak bere ahaleginak hezkuntza, kultura eta gizarte-ekintzako beste erakunde batzuenekin koordinatu behar ditu: eskolak, unibertsitateak, museoak, langile-sindikatuak, ikasketa-klubak, helduen hezkuntzako taldeak, eta abar. Beste liburutegi batzuekin ere lankidetzan aritu beharko du argitalpen-maileguari dagokionez, eta orobat liburuzainen elkarteekin, LPen eta bertako langileen aurrerapena ziurtatzeko.

Argitalpenetarako sarbidea erraztea komeni da, apalategi irekiak eta baliabide teknikoak eta eraginkorrak erabiliz horretarako, eta komeni da halaber liburuak irakurleen eskura jartzea, euren etxeetan eta euren lanean, filialen eta zerbitzu mugikorren bidez.

Liburutegi publikoa herri-unibertsitate gisa

Ondo gaitutako langileei esker, irudimenez eta argitasunez jantzita, behar adinako aurrekontu batez eta herri-iritziaren laguntzaz, LP bakoitza izan beharko lukeena bihur daiteke: guztiei heziketa liberala eskaintzen dien unibertsitate herritarra.

Demokrazia bateko hiritarrek etengabe ikasten eta hezten aritzeko moduan egon behar dute. Gaurko bizimoduaren konplexutasunak eta egonkortasun faltak beharrizan horren premia areagotzen dute.

Zer egin egin dezakezun zuk

Manifestu honek, hain zuzen ere, LPak, herri-heziketaren tresna den neurrian, izan dezakeen zeregina zehaztu du. Era berean, oso garrantzitsua da zuetako bakoitzarentzat aukera hauek zeuen hirian garatzea.

Zure herriak LPrik ez badu:

  • Bultza itzazu zure lagunak, zure auzotarrak eta herriko erakundeak liburutegi publiko bat sortzeko eskatzera.
  • Informa zaitez liburuzainen elkarte nazionalean edota Hezkuntza Ministerioan ze urrats eman behar diren liburutegi bat sortzeko
  • Eman dizkizuten jarraibideak segi itzazu

Zure herriak jadanik LP bat baldin badu:

  • Jar zaitez liburuzainarekin harremanetan
  • Galde ezazu liburutegi horrek zer-nolako aukerak eskaintzen dizkizun
  • Erabil itzazu aukera horiek
  • Liburuzainarekin batera, ahalegin zaitez herritarrek onets eta eska ditzaten Manifestu honek proposatzen dituen bezalako zerbitzuak.
Azken eguneratzea: 2013/02/05