Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Profesionalentzako baliabide interesgarriak
Magdalena Jauregiko Adierazpena

Irakurketa-eskubideak liburutegi publikoetan du bere berme-adierazpenik handiena. Informazio-ekoizpen etengabea, era guztietako gaiak eta euskarri ugari dituen mundu batean, liburutegiak dira herritarrari aipatutako informazioa jasotzeko sarbide librea eskaintzen dion tresna, aukera-berdintasun berberean.

Horregatik guztiagatik, gure gizartearen ezin baztertuzko xedea, Administrazio Publikoen ageriko konpromisoa eta legegintza-aginteen erabaki irmoa izan behar du liburutegi publikoen sarea etenik gabea izatea eta sare horren hornikuntza bermatzeak, behar adina eta behar bezalako langileak, irakurleen premietara egokitutako ordutegia eta egoki hornitutako eta gaurkotutako bilduma bibliografikoa izateak.

Espainian, lehenengo aldiz bere historian, une honetantxe daukagu nolabait ere irakurketa publikoaren eskaintza handi samarra, baina oraindik ere ez dator bat bizi dugun garaiarekin. Orain arte egin dena goresgarria bada ere, oraindik ere oso ibilbide garrantzitsua dago egiteke. Beharrezkoa da irakurketan egin beharreko inbertsioak merezi duen lehentasuna izatea; izan ere, plangintza-inteligentziaz eta garapen-profesionaltasunaz gainera, nahitaezkoak dira herritar ororen irakurketa-eskubidea gauzatuko duten baliabide ekonomikoak.

Horretarako, behar-beharrezkoa da gaur egun Espainiako liburutegien mapan dauden desberdintasunak orekatzea, ahalegin guztiak eginez, epe laburrean, Espainiak eskatzen duen eta behar duen liburutegien sarea izan dezan, gure herritarrak Europako herrialderik aurreratuenetako biztanleen parean egon daitezen.

Argitaratzaile eta liburuzainok, Santanderren Argitalpenari buruzko XIX. Topaketetan elkartuta, irakurketari dagokion geure lankidetza-borondatea nahi dugu berretsi, eta, orobat berretsi nahi dugu, norberaren jarrera berezia errespetatuz, irizpide adostuetatik abiatuta irakurketaren garapenari ekiteko aukera emango duen etengabeko elkarrizketa egituratzen jarraitzeko asmoa. Eta, egileen lankidetzaren bidez, Espainiako egungo liburutegi-sarea zabaltzen eta hedatzen, eta, aldi berean, liburutegien bilduma eta baliabide bibliografikoak gaurkotzen eta indartzen lagundu nahi dugu, alderdi hori oraindik ere aski urria baita.

Argitaratzaileek eta liburuzainek gaztelaniaz hitz egiten den herrialdeetako liburutegi-garapenari ere euren laguntza adierazi nahi diote, eta horretarako Espainiako Gobernuaren lankidetza eskatzen dute berariaz, dadin baliabide bibliografikoen hornikuntza lehentasunez sar lankidetza-programetan eta herrialde hauekiko aldebiko harremanetan.

Irakurtzea gure giza nolakotasunaren adierazpenik egiazkoenetako eta aberasgarrienetako bat da, gizarte-kohesioaren eragile eta norberaren eta gizartearen garapenaren oinarrizko tresna.

Santander, 2003ko uztailak 11

(Santanderko Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean 2003ko uztailaren 9tik 11ra egin ziren "Argitalpenari buruzko XIX. Topaketa. Irakurketa-eskubidea: liburutegiak" jardunaldien amaieran onetsitako Adierazpena)

Azken eguneratzea: 2013/02/05