Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Profesionalentzako baliabide interesgarriak
1982ko Liburuaren Mundu Biltzarra - Irakurtzen duen gizarte baterantz

-1-

Guk, 92 herrialdetatik gatozen eta, Unescok deituta, Londresen, 1982ko Liburuaren Mundu Biltzarrean elkartu garen idazle, itzultzaile, argitaratzaile, inprimatzaile, liburu-saltzaile, liburuzain, hezitzaile, funtzionario publiko eta, oro har, komunitate intelektualeko kideok, etengabe babesten ditugula orain dela hamar urte, Liburuaren Nazioarteko Urtean (1972), ezarritako irizpide eta helburuak adierazten dugu.

-2-

Liburuak, gure ustez, ezagutzaren, heziketaren, jostetaren eta kulturaren eramaile nagusiak dira oraindik ere gure gizartean. Liburuek nazioak garatzen eta gizaki bakoitzaren bizitza aberasten laguntzen dute, herriek elkar hobeto ulertzea sustatzen dute eta gizakien gogoan bakean bizitzeko desira sendotzen dute; eta Unescok, hain zuzen ere, helburu horietan dihardu.

-3-

Liburuaren Nazioarteko Urtea ospatu zenetik igaro diren hamar urteak aintzat hartuta, berresten dugu baliozkoak direla Liburuaren Gutuna, nazioarteko elkarte profesionalek 1972an onartu zutena, eta LIBURUAK DENONTZAT helburua, oraindik erabat lortu gabe dagoena. Gutunean adierazitako hamar printzipioek honako hau esaten dute: gizaki guztiek dute irakurtzeko eskubidea; gizarteak, eginbehar berezi gisa, ahal duena egin behar du idazleek euren gaitasun sortzailea gauza dezaten; liburuak ekoizteko baliabideak eta argitalpen-industria sendoa funtsezkoak dira nazioaren garapenerako; liburu-dendek eta liburuzainek beharrezko zerbitzuak eskainiko dizkiete argitaletxeei eta irakurleei; herrialdeen artean liburuak batetik bestera askatasunez mugitzea funtsezkoa da; eta liburuek nazioarteko ulerpena eta bakearen aldeko lankidetza sustatzen eta errazten dute.

-4-

Aurrera begiratuz, liburuak jende gehiagok eta errazago eskuratuko dituen mundu bat lortu nahi dugu, eta irakurtzeko gaitasuna eta irakurriz gozatzeko borondatea eta desioa gero eta hedatuago egotea gizarte guztietan.

-5-

Gizon-emakumeek ikasteko eta bere burua hezteko eskubidea dute. Ezagutzak eskuratzeko eta beste nazio batzuen, beste kultura batzuen eta aurreko belaunaldien esperientziaren eta jakinduriaren berri izateko eskubidea dute. Era berean, euren ideiak eta esperientziak idatziz jasotzeko beharra sentitzen dute. Liburuek oso eginkizun garrantzitsua betetzen dute gizon-emakumeei zentzuz parte hartzeko eta bizitza bete-betea garatzeko aukera emango dien gizarte baten sorkuntzan. Gainera, idatzitako eta inprimatutako hitzaren bidez, idazleek eta sortzaileek gizarteen balioak eta asmoak adierazten, aztertzen eta garatzen dituzte, eta euren irakurleen kontzientzia eta irudimena zabaltzen eta aberasten dute.

-6-

Irakurketak gainditu egiten ditu nazioen eta kulturen mugak. Heziketarik ezak, irakurtzeko behar adinako gaitasunik ez izateak eta liburu onak zabaltzeko dauden oztopoek irakurketak eskainiko liekeen onurarik gabe uzten dituzte irakurle izan daitezkeen gizon-emakumeak. Interesa duten guztiei aholkatzen diegu bultza dezatela liburuen ekoizpena eta hedapena; susta ditzatela idazleak, espezialistak eta irakurle gazteak eskolan eta etxean.

-7-

Interesa duten guztiei eta, bereziki, gobernuei, aholkatzen diegu saia daitezela liburuak sortzea, ekoiztea eta argitaratzea, nahiz liburuak nazioko mugen barruan eta nazioko mugen gainetik banatzea -bi norabideetan- mugatzen duten jarduera oro ezabatzen. Gure ustez, gai honi buruzko nazioarteko hitzarmenekin bateragarriak diren egile-eskubideei buruzko lege nazionalak mantentzea eta aplikatzea idazleen, argitaratzaileen, maisuen eta irakurleen mesederako da toki guztietan.

-8-

Liburuak eskuratzea errazagoa eta irakurketa hedatuagoa izango den gizarte bat sortzeko helburura hurbiltzen saiatuz, Biltzar honek hainbat helburu bereganatu ditu. Horrekin lortu nahi da irakurketa gauza naturala eta aldi berean desiragarria izatea, eta liburua sustatzen ari direla jakitun diren estrategia nazional eta ofizialen bidez bultzatutako eta nazioarteko lankidetza-ekintzek lagundutako bizitzako jardueratzat hartzea.

-9-

Hortaz, gobernuei eta liburuetan interesa duten profesional guztiei aholkatzen diegu ekintzarako gida hauek onartzeko. Eraiki nahi dugun munduan jende guztiarentzat liburuak izatea nahi dugu, eta, era berean, jende guztiak liburuak irakurri ahal izatea eta liburua eta irakurketa eguneroko bizitzako beharrezko jardueratzat, jarduera desiragarritzat, hartzea. Irakurtzen jakite hutsean geratzen ez den mundu bat espero dugu; irakurtzen duen gizarte unibertsal batera ere iritsi nahi dugu.

Azken eguneratzea: 2013/02/05