Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Profesionalentzako baliabide interesgarriak
Interneti buruzko IFLAren Manifestua

Informaziora sarbide librea izatea funtsezkoa da askatasuna, berdintasuna eta bakea izateko eta munduan elkar ulertzeko. Horrenbestez, Liburutegien eta Liburuzainen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (IFLA )honako hau adierazten du:

  • Askatasun intelektuala pertsona bakoitzak bere iritziak izateko eta adierazteko, eta informazioa bilatzeko eta jasotzeko duen askatasuna da; demokraziaren oinarria da eta liburutegi-zerbitzuaren funtsa.
  • Informazioan sarbidea izateko askatasuna izatea, euskarria eta mugak gorabehera, liburuzainen eta dokumentalisten funtsezko erantzukizuna da.
  • Liburutegiek eta informazio-zerbitzuek eskaintzen duten Interneterako sarbide libreak garapena, aurrerapena eta askatasuna lortzen laguntzen die komunitateei eta gizabanakoei.
  • Informazioa batetik bestera mugitzeko oztopoak kendu egin beharko lirateke, bereziki desberdintasuna, pobrezia eta frustrazioa sustatzen dituztenak.
Informaziora, Internetera, Liburutegietara eta Informazio Zerbitzuetara Sartzeko Askatasuna

Liburutegiak eta informazio-zerbitzuak erakunde biziak dira, jendea bila dabilen informazio-baliabide globalekin, ideiekin eta sormen-lanekin lotzen dutenak. Liburutegiek eta informazio-zerbitzuek giza adierazpenaren eta kultura-aniztasunaren aberastasuna eskaintzen dute, era guztietako euskarrietan.

Internetek informaziorako sarbide bera izateko aukera ematen die mundu osoko komunitateei eta pertsonei, toki txiki eta aldenduetan nahiz hiri handietan bizi direnei, pertsona gisa garatzeko, hezkuntzarako, estimulurako, kultura-aberastasunerako, ekonomia-jarduerarako eta demokrazian behar bezala informatuta parte hartu ahal izateko. Mundu guztiak eskain ditzake bere interesak, jakintza eta kultura gainerakoek horien berri izan dezaten.

Liburutegiak eta informazio-zerbitzuak Interneteko edukietara sartzeko funtsezko atariak dira. Zenbaitentzat erosotasuna eta laguntza eskaintzen dute; beste batzuentzat, aldiz, informaziora iristeko eskura dituzten aukera bakarrak dira. Baliabideetan, teknologian eta prestakuntzan dauden aldeek sortutako hesiak gainditzeko bitartekoak dira.

Informaziora Interneten bidez Iristeko Askatasunaren Printzipioak

Internetera eta Interneteko bitarteko guztietara sarbidea izateak koherentea izan beharko luke Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin, eta, bereziki, 19. Artikuluarekin:

Gizaki orok dute iritzi- eta adierazpen-askatasunaren eskubidea. Eskubide horrek barne hartzen du iritziak interferentziak gabe izateko askatasuna, eta informazioa eta ideiak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez bilatu, jaso eta zabaltzekoa

Interneten bidezko elkarlotura globalaren bidez jende guztiak goza dezake eskubide hori. Horren ondorioz, sarbideak inoiz ez luke inolako zentsura ideologiko, politiko, erlijiozkoen, ez hesi ekonomikoen mende egon behar.

Liburutegiek eta informazio-zerbitzuek beren komunitateetako kide guztiei arreta eskaintzeko erantzukizuna ere badute, adina, arraza, naziotasuna, erlijioa, kultura, afiliazio politikoa, ezintasun fisikoa edo beste era batekoa, sexua edota sexu-joera, edo bestelako edozein zertzelada aintzat hartu gabe.

Liburutegiek eta informazio-zerbitzuek babestu egin beharko lukete erabiltzaileek nahi duten informazioa bilatzeko duten eskubidea.

Liburutegiek eta informazio-zerbitzuek errespetatu egin beharko lukete beren erabiltzaileen pribatutasuna, eta onartu egin beharko lukete erabiltzen dituzten baliabideak beti isilpean mantendu beharko liratekeela.

Liburutegiek eta informazio-zerbitzuek kalitatezko komunikaziorako eta informaziorako sarbide publikoa errazteko eta sustatzeko erantzukizuna dute. Erabiltzaileak prestatu egin beharko lirateke eta inguru egokia eskaini beharko litzaieke hautatu dituzten zerbitzuak eta informazio-iturriak isilpean eta askatasun osoz erabili ahal izan ditzaten.

Interneten baliabide baliozko ugari eskaintzen badira ere, batzuk ez dira zuzenak, okerrak dira eta iraingarriak ere izan daitezke. Liburuzainek informazioa eta baliabideak eskaini beharko lizkiekete liburutegien erabiltzaileei Internet eta informazio elektronikoa eraginkortasunez erabiltzen ikas dezaten. Aktiboki sustatu eta erraztu beharko lukete erabiltzaile guztiak, baita haurrak eta nerabeak ere, arduraz sar daitezen sarean, kalitatezko informazioan.

Oinarrizko beste zerbitzu batzuetan bezala, liburutegietan eta informazio-zerbitzuetan Interneterako sarbideak doan izan beharko luke.

Manifestua nola Gauzatu

IFLAk babes dezala Interneterako sarbidearen garapena mundu osoan eskatzen dio nazioarteko komunitateari eta, bereziki, garape- bidean dauden herrialdeetan, hain zuzen ere, Internetek eskaintzen duen informazioaren onurak den-denek goza ditzaten.

IFLAk herrialdeko biztanle guztiei Internetera sartzeko aukera eskainiko dien informazio-azpiegitura nazionala garatzea eskatzen die gobernu nazionalei.

IFLAk, liburutegien eta informazio-zerbitzuen bitartez, Interneten bidez eskuragarri dagoen informazioa batetik bestera askatasun osoz mugitzea babes dezatela eskatzen die gobernu guztiei, eta, aldi berean, sarbidea mugatzeko edo zentsuratzeko ahaleginen aurka ager daitezela.

IFLAk Manifestu honetan adierazitako printzipioak gauzatuko dituzten estrategiak, jarduera-politikak eta proiektuak gara ditzatela gomendatzen die liburutegien langile eta arduradunei eta nazio eta toki bakoitzean erabakiak hartzeko ardura duten pertsonei.

Jarraibideak

IFLAk nazioarteko jarraibideak garatuko ditu Manifestu honetako printzipioak abian jartzeko. Jarraibideek, komunitate bakoitzaren beharren arabera, liburuzainei lagunduko diete Interneteko zerbitzuei aplika dakizkiekeen lehentasunak eta jarduera-politikak garatzen.

Azken eguneratzea: 2013/02/05