Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Profesionalentzako baliabide interesgarriak
Kopenhageko Adierazpena
Kongresua. Guztiontzako zerbait: liburutegi publikoak eta informazioaren gizartea

1999ko urriaren 14an eta 15ean Europako 31 herrialdetako arduradun politikoak eta administratiboak bildu ziren, azaleratzen ari diren Informazioaren Gizarteetan liburutegi publikoen garrantzi handia aztertzeko. Bileran, liburutegi publiko askok komunitatearen nortasuna, garapen ekonomikoa, etengabeko ikaskuntza eta aniztasun kulturala sustatzerakoan dagoeneko betetzen dituzten funtsezko zereginak eztabaidatu zituzten. Bileraren amaieran bertaratuek, Europan liburutegi publikoen etorkizunerako asmoen adierazpen gisa ondoko hau onartu zuten:

Ondoko arlo hauek babestuta:

  • Liburutegi Publikoen inguruko Unescoren Adierazpena.
  • Liburutegi Publikoetarako IFLAren Arauak.
  • Liburutegiek Mundu Modernoan duten zereginari buruz, Europako Parlamentuko Kultura, Gazteria, Hezkuntza eta Komunikabideen Batzordeak egindako txostena.
  • "Liburutegi publikoak eta Informazioaren Gizartea" gaiari buruz Europako Batzordeak egindako azterketa.
  • Europako Kontseiluko Kultura Batzordearen txostena: "Europan liburutegi-politika eta -legeria".
  • Adierazpen Askatasunari buruzko IFLAren deklarazioa.

Liburutegi publikoei buruz Europako eta nazioko politiketarako oinarri komun gisa ondoko hau adierazten dugu:

Liburutegi Publikoaren funtzioak

Liburutegi publikoetarako, Lovainako komunikatuan azpimarratzen dituzten ondoko funtzio hauek babesten ditugu (1998ko abuztuaren 22an Lovainan egindako mintegiaren emaitza; bertan 23 herrialdetako kudeatzaileak izan ziren, eta Liburutegi Publikoen Ekintza Hitzartuak antolatu zituzten):

Demokrazia eta hiritartasuna:

  • Liburutegi publikoek informazioaren gizarteetako hiritarren bizitza-kalitatea eta aukera demokratikoak handitzeko aukera estrategikoa dute, hiritarrei kalitate handiko informazioa askatasunez eta zuzen lortzeko aukera ematen diete.

Garapen ekonomikoa eta soziala

  • Liburutegi publikoek, komunitateen hazkuntza babesten dute, eta tokiko premiei erantzuteko diseinatutako informazio-zerbitzuak eskaintzen dizkiete. Informazio-mailan Europako hiritar aberatsen eta pobreen arteko diferentzia murrizteko tresna garrantzitsuak dira.

Etengabeko ikaskuntza

  • Liburutegi publikoek, Europan duten hedapen zabalaren bidez, etengabeko ikasketarako azpiegitura errentagarria eta sare birtualetarako sarrera erraza eskaintzen dute. Halaber, hezkuntza arautuko maila guztietako ikasleei laguntzen diete.

Aniztasun kulturala eta linguistikoa

  • Liburutegi publikoak erakunde kulturalak dira, Europako Batasunaren Itunaren dimentsio kulturalaren arabera, eta kultur ondarean, literaturan eta alfabetatzean erantzukizun handia dute.
Europako Batzordearen Ekintzak

"Liburutegiek Gizarte Modernoan duten zereginari" buruz Europako Parlamentuaren ekimena bultza dezan eskatu diogu Europako Batzordeari; horretarako, txosten honen gomendioak burutzeko ekintza praktikoak sustatu behar dituzte. Azaleratzen ari den gizartean liburutegi publikoen funtsezko zeregina eta Europa-mailako informazio-politikaren beharra azpimarratu beharko lukete ekintza horiek.

Gobernu nazionalen eta federalen ekintzak

Gobernu nazional eta federal guztiei, ondoko neurriak har ditzaten eskatzen diegu:

  1. Jendearen onurarako, beharrezko baliabide guztiak garatzeko eta koordinatzeko informazioko politika nazionala egitea. Politika orokor honek, hiritar gehienentzat sarrera-puntu gisa, liburutegi publikoen oinarrizko paper pribilegiatua onartuko du. Politika hori, liburutegi-mailako legeri egokiak babestuko du.
  2. Informazioaren aroan informazio nazionaleko politikaren garapena babesteko sare-azpiegitura egokia eratzea. Sarearen azpiegiturak informazioaren erakunde produktore guztiak bildu beharko lituzke, batez ere ohiko "memoriaren erakundeak" (liburutegiak, museoak eta agiritegiak), informazioaren trukea eta baliabide bateratuen sorrera sustatzeko. Azpiegiturek, liburutegi publikoen arteko lankidetza praktikoa ere sustatu beharko lukete.
  3. Hiritar guztiek gutxieneko sargune-mailak bermatuko dituzten liburutegi publikoen garapen-programa martxan jartzea, maila horietara heltzeko informazioaren eta komunikazioaren teknologia aproposak eta inbertsio egokiak barne hartuta. Programa honek, dagokion udalerriaren edo beste erakunderen baten bidez toki-komunitateak garapenen kontrolaren beharra islatu beharko luke.
  4. Europako Parlamentuan indarra egitea, gaur egun eta etorkizunean, liburutegi publikoak agenda sozialean toki nagusia izan dezan.
  5. Informazioaren sortzaileen eskubideen eta bizitza hobea lortzen lagun diezaieketen informazioa eskuratzeko hiritarren eskubideen artean oreka bermatzeko lan egitea.
Liburutegi piblikoen ekintzak
  1. Euren funtzioak eta baliabideak berriz aztertzeko, eta gizarte-mailako premia aldakorrei erantzuteko zerbitzu horiek berriz diseinatzeko prest egotea.
  2. Beste "memoriako erakundeekin" eta komunitatearen hezkuntzarekin lotutakoekin epe luzera lankidetza lortzeko lan egitea.
  3. Hiritarrek, komunitateko arlo guztietan liburutegi publikoetako sarearen zerbitzuen hedapen eraginkorraren bidez sare horren baliabideak osorik aprobetxatzeko ahalmena dutela eta zertaz ari diren ohartzen direla ziurtatzea.

Kopenhage, 1999ko urriaren 14a eta 15a

Azken eguneratzea: 2013/02/05