Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Azaldu eta ulertu (2006-2017): Kulturaren Euskal Behatokiak hamarkada bat

Portada

Behatokia euskal kultura-sektoreari buruzko azterketak eta prospekzioak egiteko tresna-hornitzaile nagusia da. Horretarako, kultura-arloko eztabaidei erreparatzen die, galderak egiten ditu, hipotesiak proposatzen ditu, metodologiarik egokiena bilatzen du, emaitzak kontrastatzen ditu, datuak itzultzen ditu, interpretatu egiten ditu eta haien baliagarritasuna balioesten du. Independentziaren, zorroztasunaren eta gardentasunaren balioetan oinarrituta, ikertzera, arakatzera eta hausnartzera bideratzen da. Horrela, bada, urteak joan, urteak etorri, informazio-banku zabala osatu du, baita azterlan kualitatibo ugari ere, kultura-eztabaidetan puri-purian zeuden gaiei buruz. Baina Behatokia bezalako erakunde bat izatearen balioa ez da neurtzen soilik egindako lanaren kopuruari begiratuta, baizik eta bereziki garrantzitsuak diren bi alderdiri begiratuta.

Lehenik, kultura-politika eratzen duen elementua da, ez politika jakin baten zerbitzura dagoen tresna. Euskadiko kultura-sistema elikatzen duen erakundea denez, multzo osoaren ikuspegi kritikoa izateko moduko erdigunean kokatuta dago, erabakiak hartu ahal izateko eta politika berriak proiektatu ahal izateko gunean. Hartara, informazio-emaile ez ezik, errealitatean bertan inplikatzen den, jarduten duen, parte hartzen duen eta hausnartzen duen eragile ere bada, kultura-ingurune heldua, ondua sortzeko lagungarri izanik. Ekarpenak egin eta eragina izateko asmoz. Eraldatzeko borondatearekin.

Bigarrenik, Behatokiak eskaintzen duen zerbitzuak kalitatezko adostasuna bermatzen du. Kulturan, eremu publikoak, pribatuak eta komunitarioak bat egiten dute. Harreman-sistemak gero eta irekiagoak eta konplexuagoak diren honetan, ezagutzarekin lan egiten duen erakunde bat izateak adostasuna lortzea ahalbidetzen du, beharrezkoa den informazioa eskaintzen baitu testuinguruan kokatuta eta erabakiak arrazoituta hartzeko baliagarri. Erabakiak hartzen, adosten, politikak hitzartzen laguntzen du, argudio sendoekin.

Eta hain justu kultura eremu konplexua delako, garapen indibiduala eta kolektiboa ahalbidetzen duen eremua delako, horregatik jarraitu behar dugu Behatokiaren alde lan egiten. Kultura-politika garrantzitsuak burutu ahal izateko; zentzuz ebaluatu ahal izateko; kulturan oinarrituta gizarte hobea lortu ahal izateko.

Memoria honetan, lan emankorreko hamarkada baten laburpena egin dugu. Bidaia hau egitea ezinezkoa izango zatekeen kultura-eragile guztien konplizitaterik gabe. Irakur ezazue, bada, ziur bainago Behatokia, gu guztion tresna hori, hobeto ezagutzen lagunduko dizuela.