Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Kultura 08-09

Formatu digitalean: Kultura 08-09 (pdf, 2,16 Mb)

 

Kulturaren Euskal Behatokiak hainbat urte daramatza euskal kulturaren sektoreari buruzko informazio estatistikoa eskaintzen. Haren lana funtsezkoa da erakundeek eta kultura-programatzaileek euskal kulturaren gainean eguneroko jardueraz haraindiko egiturazko ikuspegia izan dezaten.

Esan ohi denez, jakintzaren kudeaketan lau maila daude, halako goranzko eskailera bat osatzen dutenak: datuak, informazioa, ezagutza eta jakinduria. Behatokiaren eginkizuna da, hain zuzen, ezagutzaren zutabeak ipintzea, zurubiko lehenengo bi mailak sendotuz: datuak eta informazioa.

Hortik abiatu beharra dugu kulturgintzaren ikuspegi orokorra izan nahi badugu, informazio objektiboetan sustraituta, eta ez ikuspegi lerratuetan eta aurreiritzietan. Errealitatean finkatuta bakarrik egin ahalko ditugu arrazoizko diagnostikoak, kultura-politika eraginkorrak ahalbidetuko dituztenak.

Eta datu eta objektibotasunaren errespetuak behartzen gaitu, hain zuzen, errealista izatera. Aurreko urteetako esperientziak erakutsi digu batzuetan ez dugula aski masa kritikorik datu fidagarriak eskuratu ahal izateko. Hori dela eta, aurki hasi beharko dugu informazioari buruzko planteamendu orokorreagoak bilatzen edota kultura-testuinguru hurbilagoekiko loturak eta harremanak estuagotzen.

Datuak hor daude, eskuratzeko, aztertzeko eta egiaztatzeko. Bai eta, gainera, kultura-eragileok ondorio baliagarriak atera ditzagun, euskal herritarren mesedetan kultura-jardun egokiak bideratzeko zereginaren lagungarri.

Espero dut guztiontzat erabilgarriak izatea.

Blanca Urgell
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua