Kultura Ohiturei buruzko Panela 3. jasoaldia - 2017
Kulturaren Euskal Behatokiak, Ohiturei buruzko Panelaren bidez, herritarren kultura-ohituren berri jaso eta eremu horretan sakontzea du xede. Ikerketa hori egiteko, lagin-unitate baten jarraipena egiten da denbora jakin batean, jarraipen horrek maila indibidualean aldaketa-patroien ezaugarriak zehazteko lagungarri diren inguruabarrak behatzeko aukera ematen baitu.
Kultura kontsumitzen duten 204 pertsonak osatzen dute lagina. Hura orekatzen duten 3 irizpidetatik abiatuz eraikitzen da, aldaera hauen arabera:
- Lurralde Historikoak (Araba % 15,7, Gipuzkoa % 35,3, Bizkaia % 49,0).
- Sexua (emakumeak % 50, gizonak % 50)
- Adina (18-27 urte bitartekoak % 50 eta 28-37 urte bitartekoak % 50).
Hirugarren jasoaldi honetan, ordezte-tasa % 9,8koa izan da, eta oinarrizko irizpideei erreparatuz ordeztu dira. Landa-lana 2017ko irailaren 22tik urriaren 27ra bitartean egin zen.
Txostenaren muina osatzen duen blokea 4 ataletan dago banatuta, eta alderdi hauek aztertzen dira horietan:
- Aldaketa-ibilbideak: Hautemandako aldaketa-ibilbideak deskribatzen dira, zenbait aldagairen araberako partaidetza-mailen indizeak eraikiz. Horrek igoera-, mantentze- edo jaitsiera-ibilbideak eragiten ditu, partaidetza moduen arabera (hartzailea, sortzailea edo digitala).
- Aldaketaren pertzepzio subjektiboa: Norberak hautemandako bilakaeraren azterketa— igo, mantendu edo jaitsi egin den kontuan hartuta—, emaitza objektiboekin erkatuz (aurreko atalean bezala, emaitzak partaidetza-mailen indizeak eraikiz lortzen dira) eta inkesta betetzen dutenek ematen dituzten arrazoiak aztertuz.
- Kultur arloko parte-hartze mailaren bilakaeraren baldintzatzaileak: Azalpen-faktoreetan izandako aldaketek kultur arloko parte-hartzearekin lotutako igoera- edo jaitsiera-ibilbideen gainean duten inpaktuaren azterketa.
- Jasoaldi honetan sartutako azalpen-aldagaien erkaketa.
Emaitzak eskema modura aurkezten dira, eta, kasu bakoitzean, helburuak, neurgaiak, neurtzeko modua, emaitzak eta interpretazio-aipu bat adierazi dira.
- Kultura ohituren panelaren 3. buletina - 2017 [pdf, 1 MB]
- 3. neurtaldiko datuei buruzko azterketa [pdf, 2 MB]
- Hirugarren jasoaldiaren galde-sorta [pdf, 276 KB]