Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarra - Egitaraua

Sarrera
Batzordeak
Egitaraua
Prentsa





Arte eszenikoak eta profesionalen prestakuntza

1.- Arte eszenikoen egoerari buruzko ikerketa berriaren gaineko iritzia.

Erabat konbentziturik esaten dut.

Hala ere, egingo den gauza bakarra Euskal Herriko arte eszenikoen egoerari buruzko ikerketa bada, ba agian hori ez da lehentasuna.

Euskal antzoki-sareak urtero lantzen eta ematen dituen datuak beharbada aski izan daitezke edonork egoeraren inguruko ideia kuantitatibo hurbil samarra egiteko.

Litekeena da egoerari buruzko beste ikerketa bat baino zerbait gehiago egiteko garaia izatea.

Lanbide eszenikoan hasiak dira harako topiko hura sinesten, alegia administrazioak zer egin ez dakienean edo ezer egin nahi ez duenean, egoerari buruzko txosten berri bat agintzen duela.


2.- Arte eszenikoen Goi Eskola.

Nik azpimarratu nahi dut Euskal Herrian premiazkoa dela Arte Eszenikoen Goi Eskola sortzea.
Kasu honetan ez naiz neure kabuz hitz egiten ari soilik, baizik eta lanbide eszenikoaren ordezkaritza hartzen ari naiz neure gain.

Gaur egun koordinakunde bat eratuta dago, beste behin ere Euskal Herriko Arte Eszenikoen Goi Eskola sortzea eskatzeko.

Koordinakundean antzerkiari lotutako espezialitate edo lanbide guztietako ordezkariak gaude sartuta, aktoreak, zuzendariak, egileak eta teknikariak, baita dantzaren ordezkariak ere.

Gure ustez, eskola hori sortzea premia larria da.

Euskal Autonomia Erkidegoa horrelako goi-ikastetxe ofizialik ez duen edo dagoeneko prestatzen ez diharduen erkidego bakanetako bat da.

Gai horretan trebatu nahi duten eta goi-tutulu ofiziala eskuratu nahi duten ikasleek Madrilera, Bartzelonara, Valentziara edo Sevillara alde egin behar dute. Laster Gijonera, Santiagora edo Valladolidera ere joan ahal izango dira.

Guk uste dugu Arte Eszenikoen Goi Eskola egotea betekizun akademikoa dela, Euskal Herrian ez dagoelako horrelako titulaziorik eta hori gabezia larria delako.

Betekizun soziala ere bada, jende askok beste hiri batzuetara abiatu behar dutelako, sarritan urrunera, eta horrek kostu ekonomikoa, familiarra eta pertsonala dakar.

Eta betekizun profesionala ere bada, horrelako eskola batek arte eszenikoen arlo guztietan diharduten pertsona guztien hobekuntza profesionala eragingo lukeelako.

Arte eszenikoetako profesionalon iritziz, Goi Eskola batek gure lanbidea gizartean duin bihurtzeko eta normaltzeko balio izango luke.

Halaber, goi-eskola batean gai horien inguruko ikerketak egingo lirateke.

Era berean, antzerki-jarduerarako eta dantzarako eragingarri eta suspergarri izango litzateke.

Erakunde-mailan, Kulturaren Euskal Planaren inguruko eztabaida eta idazketa egitean, antzerki eta dantzaren atalean, Goi Eskola lehenengoa aipatu zen lehentasunezko ekintza-lerroen artean
Azterketaren atal guztietan jasotzen zen horren premia. Eta aldeko alderdien atalean ere prestakuntza horren eskaria nabarmentzen zen.

Gero, azken txostena idatzi eta liburu bihurtzerakoan, hori guztia desagertu egin da, eta nekez antzeman daitekeen aipamen hutsera mugatu.

Gaur egun, lanbidea ordezkatzen duen koordinakunde honetan Goi Eskolaren sorrera aldarrikatzeko egin ditugun gestioen ostean, uste dugu ez dagoela ez proiekturik ez interes praktikorik lehentasunezko ekintza-lerro hori abian jartzeko.

Badirudi Kultura Sailean badutela interesik eta premia larria dela irizten diotela. Baina haiei ez dagokie eta, beraz, ezin dute ezer egin.

Eskumena Hezkuntza Sailean dago. Baina haiek horrelako proiektu bat landu, idatzi edo aintzakotzat hartzeko aukera aztertu ere ez dute egin, eta ez dute egiteko inolako asmorik.

Lurraldeko edo tokiko administrazioek diotenez, haiek ere ezin dute ezer egin. Ez omen dute eskumenik. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren proiekturen bat balego, haiek laguntzeko aukera aztertuko omen lukete.

Hau da, oraingoz ez dago ezertxo ere.

Hitz batean, antzerki- eta dantza-lanbidearen izenean berriz esan nahi dut Euskal Herriko Arte Eszenikoen Goi Eskola sortzea premiarik larriena eta lehentasunik handieneko ekintza-lerroa dela guretzat.