Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua





Globalizazioa eta Kultura : Unescoren Nazioarteko Konbentzioak Kultur Aniztasunari buruz egindako ekarpenak

2005eko urrian kultur aniztasunari buruzko Konbentzioa onartu dute ia aho batez Unescoko kide diren Estatuek.  Akordioak "kultur jarduera, ondasun eta zerbitzuen izaera berezia" jasotzen du, eta berau indarrean jarri ahal izateko maila guztietan politika publikoen printzipioa legitimatzen duen nazioen gaineko zuzenbidearen oinarriak ezartzen ditu. 

Izan ere, kultura merkantzia hutsaren estatututik askatu beharraren ideiaren legitimazio-prozesu luzearen emaitza da aipatutako Konbentzioa. Hitzaldiaren lehen zatian bilakaera horretan funtsezkoak izan diren bi puntu azalduko ditut.  Batetik, Unescoren barruan kultura- eta komunikazio-politiken inguruan 1970eko hamarkadan izandako eztabaidak. Garai horretan esanguratsuak izan ziren informazioaren eta komunikazioaren Munduko Ordena Berriaren aldeko alegatua eta MacBride txostena, Iparraldeko eta Hegoaldeko herrialdeen arteko fluxuen izaera desberdinari buruzko diagnosia eskaini zuen lehen dokumentu ofiziala. Nabarmentzekoa izan zen baita ere Europako Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek ikus-entzunezko sektorearen "kultur salbuespenaren" inguruan erakutsitako jarrera zorrotza.  

Bigarren zatian, berriz, aitzindari izan ziren bi aurrekariekin alderatuta Konbentzioak ekarri dituen hausturak eta jarraipen-ildoak adieraziko ditut. Oso sinbolikoa izan da kulturari buruzko negoziazioak nazioarteko eszenatokira aldatzea, non eskumenak esparru zabala duen. Konbentzioaren balio juridikoaren definizioa ere ildo berekoa da,  Estatuen eskubideak eta betebeharrak ezartzen dituzten bestelako nazioarteko tresnekin alderatuta (MMA, esaterako). Baina aldeen arteko konpromisoaren emaitza den Konbentzioak baditu bere alde ilunak ere. Gizarte eta kultur arloko erakunde-sareak aurreproiektuaren alde mobilizatu dira, baina subjektu berri horiek tresna juridiko berriaz jabetzeak horren mugak zabaltzea eragin dezake.