Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua





Internazionalizazioa, sorkuntza plastikoaren eta bisualaren etorkizuneko erronka

Sorkuntza plastikoaren eta bisualaren etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa da sorkuntza garaikidearen internazionalizazioa lagundu eta sustatuko duten ekimenak abian jartzea. Ildo horretan, sektoreko estrategia orokorra abiarazi behar da, hau da, jarduera artistikoaren garapenean partaide diren eragileen ekintzak bilduko dituen esparrua. Estrategia horrek hiru helburu izan beharko lituzke:

  • Euskal produktu artistikoak kanpoan nabarmendu, baloratu eta onartzea bultzatzea. (Artisten, euren lanaren eta sare komertzialaren identitatea, bereizgarritasuna, irudia eta ospea nazioartean sustatzeko azken helburuari erantzuten dio)
  • Sare komertzialaren merkaturatze-gaitasuna bultzatzea, barrura eta kanpora begira, eta beraz, lehentasunez merkatuaren barne-garapena sustatzea, kanpora begira lehiakortasuna eta portaera baldintzatzen baititu. (Euskal produkzio garaikidearen hedapenerako/banaketarako euskarri gisa euskal galeria-sarearen merkatu-egiturak hobetzea, eta barne-merkatuko sustapen komertziala eta sare komertziala gaur egungo euskal artea nazioartera zabaltzeko plataforma gisa sendotzea dira, ildo horretan, azken helburuak). Tamalez, euskal merkatuaren sare komertzialean dauden gabeziek eragina izango dute edozein internazionalizazio-estrategia garatzerako orduan. 
  • Euskal produktu artistikoak nazioarteko banaketa-zirkuituetan sartzea, eta bertan gero eta toki garrantzitsuagoa betetzea eta errentagarriak izatea bultzatzea. (Ildo horretan, azken helburua kanpoan gehiago hedatzea eta nazioarteko banaketa-bideetan presentzia/kontrola areagotzea da). 

Euskal artistak eta euren produkzio artistikoa nazioartean hedatzeko estrategia diseinatzeko hainbat ekintza-ildo hartu beharko lirateke kontuan. Ekintza-ildo bakoitzak mota bateko edo besteko helburuei erantzuteko gai izan beharko luke eta gainera epeei, aurrekontuei, aplikazio-eremuari, azpisektoreei, zerikusia duten Administrazioko arloei eta abarri begira bestelako planteamenduak exijitu beharko lituzke. Guzti horrek agerian uzten du estrategia diseinatzeko lanaren konplexutasuna eta garrantzia.