Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

"Ballerina" eta "Batman", laster euskaraz


  • DataUrtarrilak 20
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, haurrentzako beste bi pelikula euskaraz ikusteko aukera izango da aurki: Ballerina eta Batman Lego filma. 2016a urte oparoa izan zen, guztira Zinema Euskaraz programako 15 pelikula bikoiztu baitziren euskarara, tartean, Zipi Zape eta kapitainaren irla, Printze Txikia, Laban edo Ozzy bezalako film arrakastatsuak.

Eta 2017a bide beretik hasi da, 40 egunean hiru pelikulen estreinaldia egingo baita. ORM Elurretako Erresuman izen zen lehena, eta Ballerina urtarrilaren 27an estreinatuko da. Azken urteotan Europan egin den animaziozko koprodukzio handienetakoa da, eta orain arte estreinatu den herrialdeetan izugarrizko arrakasta izan du. Dantzaria izan nahi duen neskatila batek Parisen biziko dituen abentura zirraragarriak ekarriko ditu Euskal Herriko zinema-aretoetara.

Batman Lego filma, berriz, otsailaren 10ean estreinatuko da. Beste ekoizpen handi batez ari gara, kasu honetan, Warner Bros Pictures-ek ekoitzia. Super-heroien munduan murgiltzen gaitu, aurrekari duen Lego filmak ematen duen bermearekin.

Laster argitaratuko dugu gure webgunean bi pelikula hauek zein aretoetan estreinatuko diren.

Zinema Euskaraz sendotzen Zinema Euskaraz programa urrats kuantitatibo eta kualitatiboak ematen ari da azken urteotan. Geroz eta gehiago dira euskarara bikoizten diren filmak, eta ez hori bakarrik, bikoizten diren filma horien kalitateak gora egin du nabarmen.

2017an programa sendotzen jarraitzea da helburua, azken urteotako ildoari jarraipena emanez. Modu honetan, Euskal Herriko haur eta gazteek zinemaz gozatzeko aukera daukate euren hizkuntzan, euskaraz, gaztelerazko bertsioak estreinatzen diren momentu berean.  

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri